Binakako txapelketaren aurkezpen egunean inork geratu den finalaren alde apustu egin izan balu, ederki aberastuko zen. Horretara ausartuko zenik, baina, ziur ez dela egongo. Izan ere, ustekabeko finala jokatuko da hilaren 29an. Titin III.ak eta Merino II.ak joan den astean lortu zuten sailkatzea, eta herenegun jakin zen Xala eta Laskurainen aurka ariko direla. Lekuinekoak eta Soraluzekoak 22-18 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Beroizi finalerdi klasikoan, eta, beraz, Aspeko bi bikotek jokatuko dute final preziatua, Bilboko Bizkaia frontoian.
Txapelketaren sistemak ez du bermatzen bikoterik onena partida gehien irabazten duena denik, eta horixe gertatu zaie Olaizola II.ari eta Beroizi. Hamalau neurketa jarraian irabazi, eta azken bietan ez dira 22ra iritsi, eta, merezita edo merezi gabe, txapelaren lehiatik at geratu dira. Ostiralean esku-eskura izan zuten txartela. Partida hasiera itzela egin zuten Asegarcekoek, eta bazirudien ez zela ezustekorik izango, baina pilota biribila da, eta garbi geratu zen edozer gauza gerta daitekeela.
Lan erdietara sei tanto aurretik heldu ziren galtzaileak (11-5), eta ondoren ere ongi eutsi zioten aldeari (16-7). Beroiz txukun ari zen lanean, eta Olaizola II.a inspirazioz gainezka zegoen. Oldarkor jokatu zuen, eta, ezker airea baliatuta, min handia egin zuen. Uhartekoaren eskuin eskuaren kalbarioak eta Aspekoen lanerako grinak, ordea, kontuak errotik aldatu zituen. Xalak zein Laskurainek atzera jokatu zuen, aurreko koadroak ahaztuta, eta asmatu zuten. Pixkanaka-pixkanaka tantoak egiten hasi ziren, eta aurkarien urduritasuna baliatuz, garaipen garrantzitsua lortu zuten.
Xalari tantoa amaitzeko garaian ausardiarik gabe egon dela leporatu izan zaio orain arte. Atzo ere errespetu handiz jokatu zuen hasieran, baina izerdia botatzen hasi ahala, hobetu jokatu zuen. Laskurain sasoi bolada ederrean dago, eta Lekuinekoak bere ohiko jokoa egiten badu, bikote ona eta arriskutsua osatzen dute. Hasiera batean, ez dago faborito garbirik txapela janzteko.
Finalari begira, okerrik ezean, iazko binakakoan izandako prezioei eutsiko diete enpresek. Hala, 140 euro balioko du kantxako harmailetan egoteak, eta atzeko erreboteko sarrerak 30 eurotan salduko dira. Tartean 80, 60 eta 40 euroko sarrerak ere ipiniko dituzte. Iaz berehala amaitu ziren guztiak.
Ohorezko puntua
Finalerdietako ligaxka atzo amaitu zen, eta Berasaluze VIII.ak eta Albisuk ohorezko puntua lortu zuten, Titin III.a eta Zabaleta—Merino II.aren ordezkoa— 22-18 menderatuta. Urdinek lehenengo tantotik hartu zuten aurrea, eta ez zuten aldea alferrik galdu. Albisuk presiorik gabe jokatu zuen, eta pilotakada bikainak jo zituen. Baita Zabaletak ere, baina huts gehixeago egin zituen.
Ustekabeko finala
Xala eta Laskurain ariko dira Titin III.aren eta Merino II.aren aurka binakako finalean, hilaren 29an, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu