Duela bi aste bi zerrendaburuk BERRIA txapelketari agur esan zioten, eta azken honetan Galdakaoko Adiskidek eta Amezketako Zazpi Iturrik nagusitasunez erakutsi dute euren pribilegioaren zergatia. Txapela irabazteko faboritoetako bi dira, bi txapeldun ohi hain zuzen, eta kanporaketa bakoitzeko lehen bi partidak aski izan dituzte aurrera egiteko. Elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan, martxoaren 13ko asteburuan, Galdakaon. Bi taldeek hartu nahi zuten kanporaketa, eta zozketa bidez erabaki zen non jokatu. Aurretik, baina, asteburu honetan, final-zortzirenetako azken bi kanporaketak jokatuko dira Hernaniko pilotalekuan: Irurtzun eta Iparralderen artekoa larunbatean, eta Andoaingo Gazteleku eta Gasteizko Zaramagaren artekoa igandean.
Adiskide 2
Amurrio 1
KADETEAK
Azkueta-Sainz 22
Egiguren-Murga 4
GAZTEAK
Elezkano-Larunbe 22
Guaristi-Legarreta 3
NAGUSIAK
Legorburu-Ajuria 21
Dorronsoro-Cueva 22
Adiskidek txapelari eusteko hautagai sendoa dela erakutsi zuen iragan ostiralean. Etxean hartu zuen Amurrio, eta lehen bi partidetan erakustaldia emanez kanporaketa erabakita utzi zuen. Kadete mailako partidan, Azkuetak eta Sainzek 22-4 irabazi zieten Egiguren eta Murgari. Egungo Arabako txapeldunek ez zuten ondo jokatu.
Amurriok hurrengo bi partidak irabazi behar zituen aurrera egiteko, baina Danel Elezkano Galdakaokoen gazte mailako aurrelariak itxaropen hori zapuztu zuen (22-3). Larunbe bere atzelariak piloteoan agindu zuen, eta aurrelariak hamabost tanto lortu zituen guztira, horietatik zortzi saketik. Galdakaoko seikotea 37 tantoren aldearekin iritsi zen nagusien partidara, eta jokoan ezer ez izan arren, bi bikoteek ikuskizun polita eman zuten. Legorburu eta Dorronsoro bi aurrelariek ausart jokatu zuten, eta bien artean 25 tanto lortu zituzten. Atzelariak ere ondo aritu ziren, eta berdinketa ugariko partida izan zen. Azkenean, Legorburuk kanpora bidalitako bolea batek erabaki zuen partida, eta Amurriok bukaerako emaitza atondu ahal izatea ahalbidetu zuen.
Zazpi Iturri 1
Lagun Onak 2
KADETEAK
Altuna-Irribarria 22
Iturbe-Rekagorri 1
GAZTEAK
Gallurralde-Jaka 22
Etxebarria-Mendiolagarai 7
NAGUSIAK
Ropon-Garmendia 19
Berasaluze IX.a-Galarza VI.a 22
Ostiralean gertatu bezala, igandean ere iragarpenak bete ziren, eta Zazpi Iturrik erosotasunez kanporatu zuen Zornotzako Lagun Onak, Zornotzan. Amezketako taldeak alde handiz irabazi zituen kadete eta gazte mailako partidak, eta emoziorik gabe utzi zuen nagusi mailakoa. Esan bezala, lehen partidan ez zen orekarik egon. Altunak eta Irribarriak 22-1 irabazi zuten. Laukoteko onena atzelaria izan zen, eta piloteoko aginteari bost tanto gehitu zizkion. Bere kideak, berriz, hamar egin zituen.
Etxekoek gelditzen ziren bi partidak irabazi behar zituzten final-laurdenetan sartzeko, kanporaketa 21 tantoko desabantailarekin hastea gehiegizko zama zelako. Gazte mailako partidak, baina, ez zuen orekarik izan. Gallurralde eta Jaka gehiago izan ziren, eta atzelaria nabarmendu zen. Halere, azpimarratzekoa da Etxebarria eta Mendiolagarik ez zutela euren maila eman, eta hamalau huts eginez, kontrarioen lana erraztu zuten.
Kanporaketa erabakita bazegoen ere, nagusi mailako partida polita izan zen, eta hainbat profesional ohik jokatu zuten. Berasaluze IX.ak eta Galarza VI.ak 22-19 irabazi zieten Roponi eta Garmendiari. Partida gogorra izan zen, bizkaitarrak beti aurretik egon ziren arren (6-10 eta 9-15). Azkenean Berasaluze IX.ak desorekatu zuen norgehiagoka, guztira eginiko hamabost tantoekin.
Ustekabekorik gabe
Zazpi Iturrik eta Adiskidek kadete eta gazte mailako partidak eroso irabazita egin dute aurrera BERRIA txapelketanFinal-zortzirenetako azken bi kanporaketak asteburu honetan jokatuko dira, Hernanin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu