ARRAUNA. TKE LIGA

Uztaila, argigarria

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2005eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Uztaila pasatu da eta TKE (Traineru Kluben Elkartea) Ligako aurtengo ekitaldiko 10 estropada puntuagarri jokatu dira. Lau Galizian (Vigon, Riveiran, O'Groven eta Boiron), hiru Kantabrian (Laredon, Astilleron eta Castron) eta beste hiru Euskal Herrian (Lekeition, Pasaian eta Plentzian). Oraindik, halere, bederatzi bandera zortzi TKErako puntuagarri egongo dira jokoan abuztua eta iraila bitartean: lau aurrenekoan eta beste lau hurrengoan. Banatzeko puntu asko egon arren, okerrik ezean Astillerok edo Hondarribiak irabaziko du Liga. Aurreko 10 estropadetan beste traineruak ez dira San Jose XIII.a-ren eta Ama Guadalupekoa-ren alboan arraun egiteko gai izan. Astillerok sei bandera irabazi ditu eta Hondarribiak, lau.

Aditu batzuen ustez, Kontxako Bandera hurbildu ahala, puntako ontziek behera egiten dute, iraileko aurreneko bi igandeetara indar betean heltzeko asmoz. Horrela, nagusiez gain, talde gehiagok TKEko banderen lehian sartzeko aukera edukiko lukete. Azken bi urteetan gertatutakoak, baina, teoria hori zapuzten du.



ASTILLERO

112 puntu. Liderra





Ligako trainerurik indartsuena izan da uztailean. Sei estropada irabazi ditu; batzuetan, Pasaian edo Astilleron bezala, indar erakustaldiak eginez. Hirutan izan da bigarren eta Laredon egin zuen beren patroi Izortz Zabalak aipatzen duen denboraldi bakoitzeko «estropada txar» hori, seigarren tokian amaituta. Koadrila indartsua da oso eta bizpahiru urte daramatzate elkarrekin arraunean.



HONDARRIBIA

108 puntu. Alternatiba





Pasa den denboraldian puntan ibili ziren baina errematatzea kostatzen zitzaien. Aurten, ordea, lau garaipen lortu dituzte jadanik. Beste lautan bigarren izan dira eta birritan bosgarren. Euren arraunkera goi mailakoa da eta inork ez bezala egiten dituzte maniobrak. Hobeto moldatzen dira itsaso zabalean. Aizperrok eta Karlos Mendizabalek, besteak beste, koadrila indartu dute.



CASTRO

89 puntu. Nahi baina ezin





Aurrean, txanda nagusian, arraun egin dute baina nagusiengandik urrun, halere. Iazko Urdaibairen bizkarrezurra dute tostetan; baita Astillerotik etorritako Javier Vilariño eta Luciano Prego galiziarrak ere. Izen handiak, beraz. Abuztuaren erdialderako banderaren bat irabazi nahi dute. Jose Luis Korta eta bere arraunlariak jo eta ke dabiltza horretarako lanean baina oso zaila izango da.



PEDREÑA

84 puntu. Itxuran





Denboraldi hasiera ikusgarria egin zuen Maria ontziak, baina Astilleron jokatutako estropadatik aurrera behera egin duela dirudi. Bitan izan da bigarren eta beste lautan laugarren. Joseba Fernandez pasaitarrak prestaturiko koadrila ez dabil nahi bezain gustura azken estropadetan. Halere, ezin ukatu denboraldi txukuna, itxurosoa, egiten ari direnik.



ORIO

82 puntu. Atzetik aurrera





Urtero bezala, motorra puntuan jartzea kostatzen zaie. Uztaila ez dute oso gogoko, baina abuztutik aurrera berotzen hasten dira, Kontxa zain dutela. Aurretik baina, txanda nagusian sartu nahi dute, onenekin arraun egiteko asmoz. Pasa den astebukaeran bigarren izan ziren Pasaian eta hirugarren, berriz, Plentzian. Koadrila indartsua da.



ARKOTE

74 puntu. Ezustekoa





Txalogarria, eredugarria, Plentzitarra ontziaren lana. Aurreneko urtea dute TKE Ligan eta emaitza bikainak lortzen ari dira. Birritan izan dira nola laugarren hala bosgarren eta behin, berriz, hirugarren. Patxi Bilbaok sekulako konfiantza du bere arraunlariengan, eta prestatzaile bermeotarra iaioa da traineruei ahalik eta zuku gehiena ateratzeko orduan.



MECOS

58 puntu. Hainbestean





Orain bi urte, Astillerori itzala egin zion ontzi bakarra izan zen. Pasa den denboraldian hainbestean aritu zen. Aurten ere bide bera jarraitzen ari da. Aurreneko txandako ontziak baino gehiago da, baina aurrean muturra sartu ezinda dabil. Arraunlari dezentek taldea utzi zuten pasa den denboraldiaren amaieran. Tartean zen urteetan beren entrenatzaile izandako Fran Gonzalez.



CABO DA CRUZ

58 puntu. Ez hotz, ez bero





Estropada batean hirugarren izan daiteke Cabo da Cruz, eta hurrengoan, berriz, azkenaurreko tokian sailkatu. Erregulartasun eza da euren gabezia nagusia. Halere, ezin zaie lana eta ilusioa ukatu Benigno Silvak prestatzen dituen mutilei. Saiatuak dira. Pasa den denboraldian Hondarribiko estropadan nagusitu ziren.



PASAI DONIBANE

44 puntu. Lanean





Ezin du erraza izan loria ezagutu zuen ontzi eta herri oso batentzat, sailkapenaren azken postuetan egotea. Halaxe dabiltza azken bi denboraldietan Pasai Donibaneko arraunlariak: lanean baina norberaren mugak ondo ezagututa. Bederatzigarren postua eurena dela dirudi, nahiz eta zazpigarren edo zortzigarren izateko kapazidadea dutela erakutsi. Sasoia ahalik eta modurik txukunenean amaitzea eta Kontxarako sailkatzea dira euren helburuak.



ISUNTZA

31 puntu. Konfiantzaz





Azken bi tokiak atzean uztea zen Lekeitioko ontziaren xede nagusia denboraldi hasieran. Azkena urruti dute jada eta azkenaurrekoa, berriz, lau puntura. Gainera, Lekeitioko Pasaiako eta Plentziako probetan Urdaibai baino gehiago izan dira. Konfiantzarekin daude beraz Lekittarra ontziko mutilak, badakite eta, oraingoz gauzak ondo, txukun, egiten ari direla.



URDAIBAI

27 puntu. Sufritzen





Gaua eta eguna aurrez aurre jartzea bezala da, Urdaibairen iazko eta aurtengo jarduna konparatzea. Pasa den denboraldian banderak pilatuz eta aurten, berriz, azken tokietan, sufritzen. Taldearen bizkarrezurra deseginda, bost aldiz lortutako 10. postua izan da orain artean izan duten sailkapenik onena. Nahikoa lan du Imanol Cascante entrenatzaileak sasoia amaitu bitartean.



TRINTXERPE

13 puntu. Lur jota





Oso gaizki ekin zioten pasaitarrek denboraldiari. Estropadak jokatu ahala, gainera, hobera egiten ez zutela ikusi zuten. Hori gutxi balitz, prestatzailea aldatu zuten. Ez da, ez, seinale ona. Azken bost estropadetan azken tokian amaitu dute. Halere, argi eta garbi esan dute eurek, irail bukaeran jokatuko den jaitsiera kanporaketara ahalik eta ondoen iristea dela euren helburu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.