Ana Urkijo Athleticeko lehendakariak gaur arratsaldean esan duenez, uztailaren 12an (osteguna) izango dira klubeko hauteskundeak.
Athleticeko zuzendaritza batzordeak bilera egin du gaur Ibaiganen, eta hantxe hartu dute erabakia. Urkijok esana zuen Athleticen lehen taldea Espainiako Lehen Mailan salbatu arte ez zituela iragarriko hauteskundeak baina, lehengo asteburuko emaitzen ondorioz, taldea ia-ia salbatuta dago, eta horrek lasaitasuna eman dio zuzendaritzari. "Ezin genuen gehiago itxaron, hurrengo zuzendaritzak denboraldi-aurrea prestatzeko-eta astia behar duelako", adierazi du Urkijok.
Orain hauteskunde prozesua kudeatzeko batzordea sortuko dute. Hain zuzen, egungo zuzendaritzako sei kidek osatuko dute; beste sei agintariek dimisioa eman dute. Hiru denboraldi egin dituzte zuzendaritzan.
Orain arte lau bazkidek esan dute Lehendakaritzarako aurkeztuko direla: Fernando Garcia abokatuak, Javier Gonzalez enpresariak, Juan Carlos Erkoreka egungo zuzendaritzakideak eta Pablo Eguskizak ('Athletic eup!' plataformako kidea da). Urkijo bera ez da aurkeztuko, beraz. Athleticeko presidenteak "norberaren interesen aurretik klubarenak" jartzeko eskatu die, "Athletic delako garrantzitsuena".
Haien hautagaitzak onartzeko, boto eskubidea izango duten bazkideen %5en sinadurak lortu beharko dituzte gutxienez.
Bazkideei eta jarraitzaileei eskerrak eman dizkie, lehen taldearen azken hilabeteetako une txarretan laguntza emateagatik.
Futbola
Uztailaren 12an izango dira Athleticeko hauteskundeak
Bozak prestatzeko batzordea osatuko dute orain. "Ezin genuen gehiago itxaron, hurrengo zuzendaritzak denboraldi-aurrea prestatzeko-eta astia behar duelako", adierazi du egungo presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu