Saskibaloia. Espainiako Kopa

Valentzia aise sartu da finalerdietan

Claverrek kanpotik eta Javtokasek barrutik Valladoliden erreakzio oro zapuztu dute (60-83)

Andoni Urbistondo.
Madril
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Askoz partida estuagoa espero zen, baina Valentziak ez zuen inolako aukerarik eman hori hala izan zedin. Lehen zatia bukatzerako hautsi zuen partida, eta bigarren hogei minutuak sobran egon ziren. Valladolid saiatu, saiatu zen, baina Pesicen taldeak zapuztu egin zuen ahalegin oro, defentsa bikainarekin eta erasoan beren baliabide ugariei etekin handia ateraz.

Batzuetan Claver, bestetan Javtokas, hurrena De Colo... Valentziak talentu handia dauka, eta segundo pare bat emanez gero, akabo. Azpimarratzeko modukoak izan ziren Claverren zenbakiak: 19 puntu, bederatzi errebote eta lau asistentzia. 32ko balorazioa. De Colok hamabost puntu lortu zituen, eta Javtokasek, beste hamalau.

Porfi Fisacen taldeak lehen laurdenean bakarrik eutsi zion. 19-16ko markagailuak aurreikuspenak berresten zituen, baina ordurako ere erosoago ari zen Valentzia, erraz saskiratuz. Bigarren laurdenean eman zuten kolpe erabakigarria Svetislav Pesicen jokalariek. Valladolidek baino 11 puntu gehiago lortu zituzten, eta 30-44 aurreratu ziren. Balorazio kopuruak ere ez zuen zalantzarako tarterik uzten: 60-20 Valentziaren alde.

Bigarren zatian egur handiagoa eman zuen Valentziak, eta bihotza eta borondatea bakarrik jarri ahal izan zituen aurkari ahulak. Atsedenaldiko hamalau puntuak hogeira igo ziren aurrena, oharkabean ia, eta bukaeran 23 punturaino handitu zen aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.