Jokalariek benetan zer pentsatzen duten jakitea zaila da. Profesionalak diren heinean, partida guztietan lan txukuna egin eta irabazten ahalegintzen direla pentsatu behar da, baina ahalegin hori behar adinakoa izanen den edo ez auzitan jar daiteke. Donostiako taldeak zail duelako motibazioren bat bilatu, helbururen bat finkatu eta horren bila joateko. Mailari eustea berez etorriko da, baita Lagun Arok bere partida guztiak galduta ere. Granada eta Menorca hiltzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, eta Lasoren taldeak bost partidako alde erosoa du bi talde horiekiko. Bost, zortzi partida geratzen diren honetan.
Badirudi 2011ko bolada txar-txarrak ez diola kalterik egin jokalarien animoari. Ez zaie haserre sumatzen, gaizki egindakoak konpontzeko grina bereziarekin, eta horrek zerikusi zuzena du sailkapenean daukaten postuarekin. Asko jota 14. izango dira donostiarrak, eta postu hori ontzat jotzea ere gehitxo da, helburu handixeagoak zituen taldearentzat. Valentzia arazo nahiko ez, beraz, eta motibazioren bat bilatzea ere lantegi zaila izango da.
Lasok kontratua berritu izana motibazio iturri bat izan zitekeen jokalariak bere lanarekin konforme baleude, baina hori hala den edo ez ezin da egiaztatu. Kanpotik, badirudi jokalariek ez dutela Gasteizko zuzendaritzak gasteiztarrarekin daukan fede itsua, sailkapenean gorago egotea espero zutela, eta liga erregularra bukatzea nahi dute lehenbailehen. Pentsatzekoa da eskas ari direnak lan ona egiten saiatuko direla azken zortzi partidetan, baina, orain arte entrenatzailearen konfiantza izan ez badute, nekez izango dute aurrerantzean. Tskitixviliri eta Alfonso Sanchezi gertatuko zaie hori.
Ematen du, gaur-gaurkoz, Lagun Arok ezinezkoa duela Valentziari irabaztea. Svetislav Pesicen taldea bikain ari da ligan, eta Euroligan ere Lauko Finala jokatzeko aukera ezin hobea du ostegunean; gainera, Madrilen ere irabazi zuten partida garrantzitsu bat. Litekeena da Pesicen taldea ohi baino lasaixeago kantxaratzea gaur, etzi eta eta ostegunean izango dituen bi partida horiek burutan dituela, baina, pausoan jokatuta ere, Valentziak aise mendera dezake Lagun Aro bere kalitateari esker. James Augustine eta Victor Claverrek lesionatuta daude oraindik. Lagun Aroko jokalari guztiak jokatzeko prest daude.
Valentzia baino arazo serioagoa da motibazioa bilatzea
Lagun Arok oraindik ez du ziurtaturik mailari eustea, baina eskura du erronka hori kale eginda ere (12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu