Astero bi partida jokatu beharreko erruleta zoroan murgildu da Baskonia. Zaragozan hartutako muturrekoaren ostean, bidaia nekeza egin zuen Istanbuleraino, baina han lortutako garaipen garrantzitsuak oinaze guztiak samurtu ditu. Txanponaren bestaldea ezagutuko du aste honetan Baskoniak: errenkadan bi partida etxean. Valentzia, ligan, eguerdian, eta Cantu etzidamu Euroligan.
Unicajak bakarrik eusten dio partidarik galdu gabe, eta horrek Zaragozako porrotaren kaltea gutxitu du. Bartzelona eta Real Madrilen pare da Baskonia sailkapenean, baina garaipenak pilatzen hastea komeni, beste bi talde handi horiek ez dutelako hutsegite askorik egingo. Valentzia dator bisitan Iradier Arenara, hiru aste atzera egin ziren aurreikuspenak bete gabe. Paco Olmosen taldeak gaizki ekin dio ligari, jokatutako lehen hiru partidetatik bi galduta, eta Gasteizen grinatsu jokatzea espero da.
Valentziak justu-justu galdu zuen lehen partida Madrilen, Estudiantesen aurka (71-69), baina Zaragoza aise menderatu zuen bigarren jardunaldian. Joan den igandean, ordea, jardunaldiko ezustea gertatu zen, Alacanten aurka galdu baitzuen 67-70. Valentzian oso zorrotzak dira emaitzak onak ez direnean, eta Paco Olmos entrenatzailea presioa sumatzen hasia da dagoeneko.
Arazoaren iturria, agian, liga atarian egin ziren aurreikuspenetan dago. Izan ere, Valentziak askoren loreak jaso zituen, oso talde sendoa osatu zuelako jokalari onak fitxatuz. Kontua betikoa da, jokalari horietako batzuek ez dutela itxura onik eman, eta taldeak denbora behar duela eraginkor izateko. Inork ez daukan denbora. San Miguel eskas ari da, Ogilvy ere galdu samar... Caner-Medley eta Rafa Martinez ari dira gurditik bultzaka, baina bi jokalarirekin ezin da ezer egin. Baskonia Valentzia baino hobeto ari da, eta Dorsey gabe ariko bada ere, gasteiztarrak dira faborito.
BASKONIA-VALENTZIA
Txapelketa. ACB Ligako laugarren jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Oleson, Pau Ribas, San Emeterio, Reggie Williams, Nemanja Bjelica, Calbarro, Teletovic, Milko Bjelica eta Seraphin.
Valentzia. Stefan Markovic, San Miguel, De Colo, Rafa Martinez, Kuksiks, Claver, Caner-Medley, Listxuk, Ogilvy, Faverani eta Sergio Olmos.
Sailkapena. Baskonia 8. postuan dago: 2-1 (+2); Valentzia, aldiz, 12. da: 1-2 (+11).
Tokia. Iradier Arena (8.400 eserleku).
Ordua. 12:30 (ETB 1).
Valentzia hartuko du Baskoniak, atseden hartzeko astirik gabe
Arabarren gaurko aurkaria 12. postuan da, lehen hiru partidetatik bi galduta; Dorsey osatu da, baina ez du jokatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu