Saskibaloia. ACB ligako final-laurdenak. Valentzia 82. Lagun Aro GBC 60

Valentziaren defentsa lan onak eta hirukoek jokoz kanpo utzi dute Lagun Aro

Perasovicen taldea ikusgarri aritu da urruneko jaurtiketetan, eta astindu handia hartu dute gipuzkoarrek

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Valentzia. Markovic (5), De Colo (26), Claver (8), Pietrus (2), Caner-Medley (18) —hasierako bostekoa—; Rafa Martinez, Newley (5), Faverani (12), Dean (2) eta San Miguel (4).

Lagun Aro GBC. Javi Salgado (5), Vidal (14), Papamakarios (2), Panko (12), Betts (4) —hasierako bostekoa—; Neto (4), Doblas (6), Baron (7), Lorant (4) eta Ogide (2).

Markagailua. 26-22, 44-37 (atsedenaldian); 66-47 eta 82-60.

Epaileak. Redondo, Conde eta Monserrat. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 8.200 ikusle Fonteta de Sant Lluis pabiloian.

Kolpe handi samarra hartu du Lagun Arok Valentzian. Galtzeko moduak eta moduak daudelako. Etxeko taldeak muturreko handi samarra eman zion donostiarrei, eta bueltako bidaia gogorra izango da, sakon hausnartzeko modukoa. Sentsazioa Lagun Arok derrigorrezkoa den kontzentraziorik gabe ekin ziola baita. Asko, ikaragarri estutu zuen Valentziak defentsan, eta bere ezinean ito zen Lagun Aro. Valentziak, aldiz, erraztasun asko topatu zituen. Sei hiruko sartu zituen lehen laurdenean, eta lehen abisu serioa eman: 20-12.

Bigarren laurdenean 35-33 hurbildu zen Sito Alonsoren taldea Panko eta Netoren lan onari esker. Aldageletarako bidean bizirik zegoen itxaropena, 44-37, baina itzulera desastre hutsa izan zen. Berriro egurrean kantxaratu zen Perasovicen taldea, eta Lagun Aro 10 puntutan utzi zuen laurden osoan. Valentziak, aldiz, 22 sartu zituen. Gehienak libre zeuden jokalarienak, eta batzuk erasoko erreboteak irabazita.

20 puntuko aldearekin, soberan izan zen azken laurdena, eta bi entrenatzaileak etziko partidan pentsatzen hasi ziren. Buruko min asko ditu Sito Alonsok, baina mingarrienak De Colo eta Caner-Medley izena dute. 26 puntu sartu zituen lehenak, 18 eta 12 errebote bigarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.