Espainiako Ligarekin batera, beste hiru txapelketetan ariko da Reala datozen hilabeteetan: Espainiako Kopan, Espainiako Superkopan eta Europa ligan. Hala, txuri-urdinei maiz egokituko zaie astean bi partida jokatzea. Horretara ohitu beharko dute Imanol Alguacilen jokalariek. Horretarako lehen aukera aste honetan bertan dute. Izan ere, bi liga jardunaldi jokatu behar dituzte. Lehen neurketa gaur izango dute, Valentziaren kontra, eta bigarrena larunbatean. Bi partidak etxean jokatuko dituzte.
Valentziak ez dio ondo ekin sasoiari. Lehen partida irabazi zuen, baina ondoren galdu egin zuen Celtaren kontra, eta iragan larunbatean berdindu egin zuen Huescaren zelaian, eta giroa gaiztotua dago. Javi Gracia entrenatzailea hainbat prentsa agerralditan kexu azaldu da, jokalari askok utzi dutelako taldea, eta ez dizkiotelako eskatutako jokalariak ekarri.
Giro nahasi horri etekina atera nahi dio Realak, eta bigarren garaipena kateatu. Imanolek hasierako hamaikakoan aldaketak egingo dituela aurreratu zuen: «Taldea oraindik ez dago sasoi betean, eta astean bi partida izanda txandakatzeak izango dira». Realeko teknikaria «pozik» dago azken bi partidetan taldeak ez duelako golik jaso. «Defentsako lanean urrats bat egin dugu». Dena den, ohi moduan, autokritika ere egin zuen. «Partida oso ona jokatu genuen Elxen kontra, baina Alexek [Remiro] bi gelditu oso on egin behar izan zituen, atzean egindako bi akats larriren ondorioz. Gainera, aurrean ere oraindik finago aritu behar dugu, batez ere lehen zatian hainbat gol aukera huts egin genituelako».
Aurkariari ere egin zion azpimarra. «Jokalari garrantzitsuak galdu ditu, baina geratu direnak maila handiko jokalariak dira; gainera, entrenatzaile oso ona dute. Ziur nago denboraldi amaieran goiko postuetan egongo dela Valentzia. Ez da partida erraza izango, baina indarrak bildu eta aurrera atera behar dugu».
REALA-VALENTZIA
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Merino, Zubimendi, Oiartzabal, Silva, Barrenetxea eta Willian Jose.
Valentzia. Jaume; Wass, Diakhaby, Guillamon, Gaya; Musah, Racic, Kondogbia, Guedes Vallejo; Kang In eta Maxi.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Lekua. Anoeta.
Ordua: 19:00 (La Liga).
Valentziaren zalantzak baliatu nahi ditu Realak
Txuri-urdinek bigarren garaipena kateatzea dute helburu. Imanolek aurreratu du hamaikakoan aldaketak egingo dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu