Osasunako jokalariek badakiteiragan asteburuan Vallecasen jasotako 6-0ekoa erabat ahazteko ez dagoela gaur Betisen zelaian irabaztea bezalakorik. Asteartean Espanyoli irabazita, sailkapenekoseigarren postuan finkatu dira nafarrak, baina Nafarroako Erresumako sendotasuna desagertu egin ohi zaie gorritxoei etxetik at jokatzen dutenean, eta Rayo Vallecanoren aurkako aurrekariak beldurra eragiten du. Nafarroako Erresumatik at bi partida besterik ez du irabazi Osasunak: Espanyolen zelaian lehen itzulian, eta Levanteren zelaian bigarren itzulian. Eta Liga amaitu bitarteko sei partidetatik lau Iruñetik urrun jokatu behar dituzte. Gaur arratsaldean Betis mendean hartuta, hirugarrenez etxetik at hiru puntuak lortu eta Europan lehiatzeko aukera ematen duten postuetan sendotzea da asmoa. Betisek garesti salduko ditu puntuak, baina helburua lor dezaketela sinetsi beharra dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek.
Betisen helburua ere irabaztea da, dena dela. Gorabehera askoko denboraldia izan dute Pepe Melen jokalariek, baina azken bederatzi puntuetatik zazpi lortu dituzte, eta mailari eusteko aukera gertu ikusten dute. «Osasunaren aurka hiru puntuekin salbazioa eskuan izan dezakegu», gogorarazi zuen herenegun Betisen entrenatzaileak bere jokalarien arreta bereganatzeko asmoz. Eroso antzean daude sailkapenean Melen mutilak, baina azken orduko ezustekoak saihestu nahi ditu Betiseko entrenatzaileak, eta ez du nahi lanak hurrengo jardunaldietarako uzterik. Hiru puntuen bila zelairatuko da Betis, eta etxekoek adina kemen erakutsi beharko dute nafarrek Iruñera esku hutsik itzuli nahi ez baldin badute. «Irabaztea izaten da beti gure asmoa, baina hori esan eta gero gol zakukada batekin ere itzuli izan gara», ohartarazi zuen atzo Mendilibarrek, bere jokalariek iragan larunbatekoa ahatz ez dezaten.
Mendilibar zein Mel hamaikakorik onenak zelairatzeko moduan dira. Ruben Castro golegile nagusia partida bateko zigorra bete beharrean zuen Betisek, baina lehiaketa batzordeak aintzat hartu du Sevillako taldearen helegitea; beraz, baliorik gabe utzi du aurrelariak Anoetan ikusitako txartel horia, eta jokatzeko moduan da Castro. Nelson, Dorado, Beñat eta Jonathan Pereira ere osatu dira, eta hasieratik ari daitezke guztiak. Osasunan ere ez da aitzakiarik, dena dela. Javad Nekunam irandarrak ez zuen jokatzerik izan Espanyolen aurkako partidaren bezperan min hartu eta gero, baina dagoeneko minik ez dauka esker oinean, eta jokatzeko prest dago euskarri irandarra. Marc Bertranena da hutsune aipagarri bakarra, eta Etxaide gaztea hasieratik ari daiteke atzealdean. Duten onenarekin ariko dira bi taldeak.
Vallecasekoa ahaztera
Europako Ligako postuetan sendotzeko aukera du Osasunak etxetik kanpo Betis mendean hartuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu