FUTBOLA

Valverde: "Behean gaude, baina ez ditugu sentsazio txarrak"

Athleticeko entrenatzaileak aitortu du Reala moralez "pixka bat hobeto" iritsiko dela igandeko derbira

jarraia114999.jpg
2015eko irailaren 25a
13:45
Entzun

Sailkapeneko azpiko postuetan da Athletic, jokatutako bost partidetatik bakarra irabazi eta lau galdu ondoren, azkena, joan zen asteazkenean, San Mamesen, Real Madrilen aurka. Hala ere, Ernesto Valverdek ez du gaizki ikusten taldea. «Azpian gaude sailkapenean, baina ez ditugu sentsazio txarrak. Aitzitik, onak dira, sentsazio horiek puntutan bilakatzea falta zaigu orain, hori eta etxetik kanpo partida hobeak egitea», esandu gaur Athleticeko entrenatzaileak.

Real Madrilek sartutako bi golak Athleticek egindako beste horrenbeste hutsen ondoren izan ziren. Valverdek oso gogoan du bigarrena. «Izugarria izan zen, dena zegoen hankaz gora. Lan asko dugu egiteko halakoak berriz ere gerta ez daitezen».

Aurrera begira dago jada Valverde, eta ondorengo erronka Realaren aurkako derbia da. Entrenatzaileak aitortu du Granadan irabazi eta gero, Reala moralez «pixka bat hobeto» iritsiko dela. Horren harira, azpimarratu du Realeko jokalariak «asko motibatzen» direla Athleticen aurka jokatzen dutenean.

Motibazioa bakarrik ez, jokalari txuri-urdinen kalitatea ere nabarmendu du. «Kalitatea duen taldea da. Badituzte jokalariak jokaldi batean partida erabaki dezaketenak. Illarramendik argitasuna eman die barruko jokoan, eta Agirretxe oso jokalari ona da, eta haren boladak iraun egiten dute».

«Bultza egiten duen talde bat». Hala definitu du Valverdek eskuetan duen taldea. Eta estilo horretan Raul Garcia oso jokalari aproposa da. Txukun ari da erdilari nafarra, baina oraindik ez dago erabat egokitu. «Hilabete besterik ez darama gurekin. Oraindik guk nahi dugunera egokitu beharra du».

Ez da Raul Garcia Athleticera iritsi berri den bakarra. Iñigo Lekuek bigarren taldetik aurrenekora egin berri du jauzi. Txukun ari da, eta horren saria jaso du gaur, klubak 2018ra arte berritu baitio kontratua. «Jokalaria zein kluba zoriondu beharra dago. Etorkizun handia du», esan du Valverdek.

Min hartutako jokalariei dagokienez, entrenatzaile zuri-gorria baikor azaldu da Iñaki Willliamsen osasunaz. «Ondo ari da. Iker Muniain ere bide onean doa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.