Frantziako Tourra

Van Aerten garaipena eta Pogacarren ahulezia

Flandriarrak irabazi du Tourreko 11. etapa, Mont Ventouxen bere legea ezarrita. Vingegaarden eraso batek sufriarazi egin du Pogacar, baina helmugan ez du denborarik galdu.

jarraia200193.jpg
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 7a
19:19
Entzun

Sailkaezina da Wout van Aert (Jumbo). Ezin zaio etiketarik jarri, edozein tokitan moldatzen baita ongi: ziklo-krosean, klasikoetan, erlojupekoetan, esprintetan... Gaur, berriz, igotzaile bihurtu da, Mont Ventoux haizea baino arinago igo, eta Tourreko etaparik menditsuenetako bat irabazteko. Erakustaldi harrigarria egin du maldan gora, atzoko esprintean bigarren izan eta gero. Txirrindulari astuna da flandriarra, baina sekulakoa du indarra, eta grabitateari desafio eginda nagusitu da eguneko ihesaldian.

Hautagaien artean, berriz, haize berriak agertu dira Mont Ventouxen. Txirrindulariek birritan igo dute Proventzako kolosoa, eta bigarren igoeran, hezur-haragizkoa dela erakutsi du Tadej Pogacarrek (UAE). Izan ere, erre egin da Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) piztutako sua itzali nahian. Liderraren lehen ahulezia zantzua izan da, eta aurkariek erasokorrago jarduteko behar zuten akuilua. Ineosek ia egun osoa eman du tropelaren buruan, baina erasorik ez du egin Richard Carapazek. Vingegaard izan da ahalguztidun itxura zuen Pogacarri erasotzeko adorea izan duen bakarra. Eta ez zen damutuko, jaitsieran harrapatu badute ere. 

Ahalegin ugari izan dira ihesaldia osatzeko, eta azkenean, hamasei txirrindulariko multzo jendetsua osatu da lasterketa buruan. Erdibitu egin da Mont Ventouxera alderik samurrenetik eginiko lehen igoeran; besteak beste, aurrean sartu dira Van Aert, Julian Alaphilippe (Deceuninck) eta Bauke Mollema eta Kenny Elissonde(Trek). Hurrena igoera klasikoa egin behar zuten mendate ikonikora, eta azpi-azpitik abiatu da Van Aert. Onenekiko bost minutuko aldea zuen; bada, minutu erdia besterik ez zuen galdua Chalet Reynarden, ilargi-itxurako gailurrera iristeko sei kilometroren faltan. 

Aldeak behera egin du oilarrak mokoka hasi ostean, baina ez flandriarraren garaipena kolokan jartzeko adina. Haren ostean Elissonde eta Mollema helmugaratu dira, 1.14ra. 1.38ra iritsi da, aldiz, Pogacarrek, Carapazek, Vingegaardek eta Rigoberto Uranek (Education) osatutako laukotea. Pello Bilbao (Bahrain) 11. izan da, eta postu bat igo du nagusian: 10. dago orain, 10.28ra. Bestalde, kale egin du Ben O´Connorrek (Ag2r), eta podiumeko postuetatik atera da. 

Bihar 159 kilometroko etapa laua jokatuko da. Tour honetan laugarrenez irabazi nahi du Mark Cavendishek (Deceuninck), hala Eddy Merckxen 34 garaipeneko marka berdintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.