Batzuetan txirrindularitzan ausart jokatzeak saria izaten du. Hala gertatu zaio Taco Van der Hoorn (Wanty) txirrindulariari Giroko hirugarren etapan, Biella eta Canale artean. Ia hasieratik sortutako ihesaldian sartu da, beste zazpi txirrindularirekin batera, eta garaipena lortu du, esprinterren asmoak zapuztuz. Filippo Gannak (Ineos) lider segitzen du. Hoorn estreinakoz ari da parte hartzen itzuli handi batean.
Euriarekin hasi da etapa. Baina horrek ez ditu zortzi iheslariak kikildu. Ganna liderraren taldek bidea egiten utzi die, eta zazpi minutuko abantaila ere lortu dute. Etaparen zati erabakigarrira, azken 70 kilometroetara, lau minutuko aldearekin iritsi da aurreko multzoa. Hortik aurrera, aparteko zailtasunik gabe bazen ere, ibilbidea gorabeheratsu bihurtzen zen. Orduan hartu du Borak tropelaren ardura, Peter Saganentzat lan egin, eta esprintean irabazteko.
Erritmo bizia jarri du Borak, eta pixkanaka aurrekoak amore ematen joan dira. Lau bakarrik geratu dira. Bost kilometro falta zirenean 1.20ko abantaila zuten. Hoornek ez du itxaron nahi izan, eta erasoa jo du. Hortzak ondo estututa aurrera egin du. Azkenean garaipena harentzat izan da. Lau segundoko abantailarekin iritsi da helmugara. Bigarren izan da Davide Cimolai (Israel) lau segundora, eta denbora berera hirugarren Peter Sagan. Gannak lider segitzen du, eta lehen euskal herritarra sailkapen nagusia Jonathan Castroviejo da. Bederatzigarren dago, 30 segundora.
Bihar laugarren etapa korrituko da, Piacenza eta Sestola artean. 186 kilometro ditu, eta zazpi kilometroren faltan Passerino gaina igo beharko dute (4, 3 km %9,5). Azken kilometroak gorabeheratsuak dira.