LABURRAK
- Van Persie eta Mathijsen, jokatzeko moduan. Robin Van Persie Herbehereetako aurrelariak eta Joris Mathijsen zentralak gainditu dituzte euren lesioak, eta asteartean Uruguairen aurkako finalerdia jokatzeko moduan dira. Van Persiek besoak hartu zuen min asteburuan, Mathijsenek belaunean. Biak titularrak dira.
- Lodeirok agur esan du, Suarezek oraindik ez. Nicolas Lodeiro Uruguaiko jokalariak eskuin oineko bosgarren metatarsianoa hautsi zuen herenegun Ghanaren aurka, eta ezingo du gehiago jokatu Munduko Kopan. Luis Suarez taldekideak, berriz, bai. Suarezek eskuarekin nahita aldendu zuen baloia atepetik, eta bi partidako zigorra jasoko zuela zirudien arren, finalerdiak baino ez ditu galduko. Bere taldekide Diego Luganoren parte hartzea, berriz, kolokan dago belauneko minaren erruz.
- FIFAk Sneijderri eman dio Brasilen aurkako banako gola. FIFAk erabaki du Herbehereek Brasilen aurka sartutako banako gola Wesley Sneijderrek egin zuela eta ez Felipe Melo brasildarrak bete atean. 2-1ekoa ere Sneijderrek sartu zuen. Ondorioz, lau daramatza mundialean.
ESANAK
- Leo Messi (Argentinako jokalaria). "Benetan gaizki nago. Etxera itzuli nahi dut. Hutsetik hasi beharra dugu selekzioan".
- Diego Armando Maradona (Argentinako hautatzailea). "Neure 50 urteetan hau da bizitzea tokatu zaidan unerik gogorrena. Ikusi beharra dut zer egiten dudan, segitu edo ez".
- Bastian Schweinsteiger (Alemaniako jokalaria). "Talde indartsuen aurka jokatzea gustatzen zait eta Espainiak talde bikaina du".
- Iker Casillas (Espainiako selekzioko atezaina). “Reina taldekideak esan zidan Cardozok nora botako zuen penaltia”.
- Bert Van Marwijk (Herbehereetako hautatzailea). "Gure xedea Brasil kanporatzea zela esan nuenean, nitaz trufatu egin ziren batzuk. Zeinek egingo du barre orain?...".
- Sebastian Abreu (Uruguaiko jokalaria). "Erabaki bat hartzen duzunean hil arte eutsi behar diozu. Jokaldia buruan duzu, atezaina aurreratu egingo dela dakizulako, eta zure onena ematen saiatzen zara".
- Luis Suarez (Uruguaiko jokalaria). "Nirea da mundialeko geldiketarik onena".
DATUAK
- 17.000 euroko vuvuzela. Bitxigile austriar batek 17.000 euroko vuvuzela bat egin dio enpresari errusiar bati. Urre zuriz eta diamantez apaindua dago plastikozko turuta. Zarata, baina, beste guztiek bezala egiten du, eta jabeak Hegoafrikako bazkide bati oparituko dio Munduko Kopako finalean jo dezan.
- Alemaniaren mundialetako 200. gola. Thomas Mueller-rek Argentinari sartu diona izan da Alemaniak orain arteko mundial denetan egindako bere 200. gola. Alemania hiru aldiz izan da Munduko Kopako txapeldun eta lau bider txapeldunorde.
laburrak, esanak, datuak
Van Persie eta Mathijsen, jokatzeko moduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu