Van Vleutenek nagusitasunez irabazi du erlojupeko proba, ia minutu erdiren aldea atera baitio bigarren sailkatuari, Van der Breggeni. Askoz atzerago sailkatu da Ellen van Dijk, irabazlearengandik ia minutu eta erdira. Van Vleuten hasi eta buka izan da azkarrena, tarteko denboran ere hark egin baitu denborarik onena.
Bihar, gizonezkoen erlojupekoa jokatuko dute, eta hantxe ariko da Jonathan Castroviejo getxoztarra. Tom Dumoulin herbeheretarra eta Rohan Dennis australiarra dira faboritoak. Castroviejok brontzezko domina eskuratu zuen duela bi urte, Dohan. Hain zuzen, horixe da haren asmoa, podiumera igotzea.