Partida ero-eroa jokatuta, Realak 4-3 irabazi dio Celtari, eta Europako postuetan sartu da, behin-behinean. Hasterako, seigarren minutuan, Carlos Velak aurretik jarri ditu txuri-urdinak, ezker hegaletik egindako jokaldi landuaren ondoren. Aurretik, laugarren minutua betetzerako, epaileak baliorik gabe utzi du mexikarrak berak sartutako gola; Chory Castro jokoz kanpo zegoen pasea jaso duenean, baina marrazainak ez du adierazi, eta ondoren legezkoa zen Velaren gola. 1-0ekoarekin Realak kontrolpean zeukan partida, baina Rafinhak berdindu du lehia 23. minutuan, buruz, eta Alex Lopezek lortu du 1-2koa, 28. minutuan. 37. minutuan aldaketa egin du Jagoba Arrasatek: Pardo zelairatu du Zurutuzaren ordez (min keinuak eginez joan da aulkira erdilaria). Atsedenaldira bidean, eta berdinketaren bila, 41. minutuan zelai erdian baloia jaso eta jokaldi harrigarria egin du Velak, baina, arean sartuta, oso gutxigatik joan zaio kanpora errematea. Eta minutu bat geroago Griezmannek eduki du eskura berdinketaren gola, baina jokaldi nahasian, bigarren zutoinean, kanpora bidali du errematea.
Realak estutuz ekin dio bigarren zatiari, baina erdiko bi atzelariek egindako hutsaren ondoren, arratsaldeko bigarren gola sartu du Rafinhak, eta 1-3 aurretik jarri du Celta. Une horretan erabat maldan goa jarri zaio partida etxeko taldeari, baina Chory Castrok eskuin hegaletik maisuki ateratako falta batean lortu du Velak Realaren bigarren gola (2-3), 61. minutuan. Lau minutu geroago, epaileak txartel gorria atera dio Fontas Celtako jokalariari, eta hortxe iritsi da Realaren benetako erreakzioa, Velaren beste bi golekin. 78. minutuan lortu berdinketa mexikarrak, eta 81.ean laugarrena, Aurtenetxeri, gorputzarekin, lekua dotore irabazita (4-3). Harmailetan zaleak erotu beharrean zeudenean, 92. minutuan, aukera bikoitza izan du Griezmannek, 5-3koa sartu eta ligan seigarren partida jarraian golen bat sartzeko. John Aldridgeren marka berdinduko zuen gol horrekin frantziarrak. Asko sufrituta, partida eroa jokatuta, baina, azkenerako, 4-3, garaipena, eta, behin-behinean, Europako postuetan. Hurrengo asteazkenean Xakhtar Donetsk-en zelaian jokatuko dute txuri-urdinek, Txapeldunen Ligako bosgarren jardunaldian.
Ondorengoak izan dira Reala-Celta partidako hamaikakoak:
Reala: Bravo; Zaldua (Ros, 80. min.), Mikel Gonzalez (Agirretxe, 65. min.), Iñigo Martinez, De la Bella, Markel, Zurutuza (Pardo, 37. min.), Xabi Prieto; Vela, Chory Castro, Griezmann eta Vela.
Celta: Yoel; Hugo Mallo, Cabral, Aurtenetxe, Jonny; Alex Lopez (Madinda, 78. min.), Fontas, Rafinha; Augusto, Nolito (David Costas, 70. min.) eta Charles (Santi Mina, 72. min.).