Lewis Hamilton (McLaren), Kimi Raikkonen (Ferrari) eta Robert Kubica (BMW) Italiako Sari Nagusiko bigarren sailkapen txandan (Q2) sartzen saiatu zirenerako beranduegi zen. Ordurako Monzako ibilbidea oso bustita zegoen eta ezin izan zituzten hobetu aurretik zituzten gidarien denborak.Gainera, Hamiltonek akatsa egin zuen: bitarteko pneumatikoekin aritu zen gurpil horientzat bustiegia zegoen pistan. Raikkonenek hamalaugarren amaitu zuen eta Hamiltonek hamabosgarren. Massa (Ferrari) justu-justu sartu zen hamar onenen artean. Azken sailkapen txandan (Q3), euriak gidarien aukerak berdinduta, Sebastian Vettel (Toro Rosso) gidari alemaniarra izan zen azkarrena (berak egin zuen Q2ko denbora onena ere). Bera da pole-a lortu duen historiako gidaririk gazteena, 21 urte eta bi hilabeterekin.
«Sinestezina izan da», esan zuen Sebastian Vettelek sailkapen saioa amaitu ostean. «Ingeniariekin hitz egin nuen eta esan nien euria egiten bazuen pole-a lortzen saiatu behar genuela, baina inoiz ez nuen amestu lehen postua lortzea».
Atzoko sailkapen saioan etekin gehien atera zuena Felipe Massa Ferrariko gidaria izan zen, euritan ondo moldatu ez eta gaur lehenengo postutik aterako ez den arren. Gidarien sailkapen orokorrean bigarrena da, Lewis Hamilton McLareneko gidariarengandik bi puntura bakarrik. Gaur, ordea, Massa seigarren postutik abiatuko da eta Hamilton hamabosgarrenetik. Heiki Kovalainen Lewis Hamiltonen taldekideak bigarren postutik hasiko du lasterketa.
Hamiltonek arriskatu beharra
Alegia, Hamiltonen irteera Massarena baino arriskutsuagoa izango da, gidari asko baititu aurretik. Are arriskutsuagoa izango da euria egiten badu. Baina Hamilton arriskatzera behartuta dago.
Gaurko eguraldi iragarpenek diote euria egingo duela Monzako zirkuituan. Horrek berdindu egingo ditu gidarien aukerak, baina lasterketa arriskutsuagoa bihurtuko du. Segurtasun autoa ateratzeak ere baldintza dezake lasterketaren emaitza.
Ikusteko dago taldeek zer-nolako estrategia izango duten gaur: alegia, boxetan behin edo bitan geratuko diren. Fernando Alonso espainiarrak (Renault), esaterako, behin geratzeko asmoa du.
Vettel, euria lagun
Vettel aurrena, Massa 6. eta Hamilton 15. izan dira 1 Formulako Italiako Sari Nagusiko sailkapen proban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu