Vettel itzuli egin da

Red Bullek aurkarien hobekuntzei eutsi die, eta haren taldeko bi autoak irtengo dira gaur lehen lerrotik Valentzian

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Talde gehienak berrikuntzez lepo heldu ziren Valentziara (Herrialde Katalanak), eta orain arteko bi talde azkarrenak, Red Bull eta McLaren, beldur ziren beren postua galduko ote zuten. Baina iritsi da Europako Sari Nagusia, eta Red Bullek osatu du lehen lerroa, nagusitasun osoz: Sebastian Vettelek lortu du pole-a, Mark Webberren aurretik. Haren atzetik Lewis Hamiltonen McLaren autoa sailkatu da, eta, hala, lehengo hierarkia mantendu da. Hala ere, inor ez da Ferrariez fidatzen.

Ferrarik urtero autoari berrikuntza sakona egin izan dio, eta aurten bitan egin dio jada. Lehena Espainiako Sari Nagusian egin zuen. Fernando Alonsok podiumean amaitu zuen Hamiltonen istripu bati esker, baina bestelakoan ez zen espero zuten aurrerapausoa izan. Orain, Europako Sari Nagusirako, beste hainbesteko hobekuntza sorta prestatu dituzte. Eta, oraingoz, emaitza ez da taldeak espero zuena: Alonso laugarren izan zen atzo.

Red Bull eta McLaren ia Kanadako itxura berean aurkeztu ziren Valentzian, eta Hamiltonek berak onartu zuen aurkarien aurrerakuntzen beldur zela. Batez ere, Ferrari, McLaren eta Renaultek sartu dituzten difusore puztuek eragin dute zeresan gehien, baina haien artean emaitzak oso desberdinak izan dira. Ferrari lehengoan da, Renault ez da nahi beste gerturatu burutik, eta Mercedesek atzerapausoa eman du. Red Bull eta McLaren, apenas aldatu gabe, aurrean dira berriro.

Gaur egun taldeek ezin dute lasterketatik at probatu, eta berrikuntza guztiak ia aztertu gabe txertatzen dituzte sari nagusiko asteburuan. Red Bullek presarik gabe sartzen ditu, ordea, eta F-hodiarekin berdin egin du. Turkian probatu bazuen ere, gaur soilik erabiliko du, ondo dabilela ziurtatu ostean. Vettelek eta Webberrek etekina atera diote, biek dute aukera ezin hobea lasterketa hasi bezala amaitzeko.

Bridgestonek aurreratu du lasterketa ez dela Kanadakoa bezalakoa izango, pneumatikoek ez baitute han bezala erantzungo. Horrek prozesio moduko lasterketa ekarriko du, eta postuak bere horretan egotea erraztu. Horregatik, Vettelek eta Webberrek hobe dute lasai gidatu. Hala ez egitearen arriskuak ezagutzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.