Sebastian Vettelek (Red Bull) urteko hirugarren pole position-a lortu zuen atzo Hockenheim zirkuituan, Alemaniako Sari Nagusirako sailkatze saioan. Jarraian lortzen zuen hirugarrena izan zen, baina zalantzarik gabe, denboraldiko zailena. Izan ere, Fernando Alonso (Ferrari) espainiarrak gauzak oso zail jarri zizkion, eta azken ahaleginean bakarrik hartu zion aurrea alemaniarrak. Ordura arte Alonso jaun eta jabe izan zen, eta gaurko faborito nagusia da (14:00, La Sexta).
Lasterketa batzuk dira Ferrarik irabazteko modukoak, baina arrazoi bategatik edo bestegatik taldeak ez du ia etekinik atera. Hala ere, bolada txar horrek noizbait behar zuen amaiera, eta atzo pole-a lortzear izan zen Alonsorekin. Vettel bakarrik izan zen haren neurrian ibili zen bakarra, Mark Webber (Red Bull) bera ere oso atzean utzi zutelako. Oraingoan ez zen aleroiaren polemikarik izan, eta lehia garbi jokatu zen. Hirugarren Felipe Massa izan zen, Webberri aurrea hartuz, eta gehiago da Ferrariren mailaren seinale, brasildarraren suspertze zantzu bat baino.
Lasterketa batetik bestera ezin da egoera bat-batean aldatu, eta Silverstonen ere Ferrarik erakutsi zuen indartsu zela. Baina Alonsok irteera txarra egin zuen, eta Massa ukitu zuen lehen itzulian, emaitza on baten aukera guztiak zapuztuz. Valentzian ere auto ona zuen Ferrarik, laugarren eta bosgarren sailkatu baitziren bi gidariak. Italiarrak etengabe ari dira autoa hobetzen, eta lehenago edo geroago aurrerakuntza horien emaitzak iritsiko dira. Atzokoa ikusita, Alonso da gaur irabazteko faborito.
Vettelek lortu zuen pole-a, baina entrenamendu saio osoan itzuli bakarra egin zuen Alonsok baino hobeto. Gainerako lehia guztiak Alonsok irabazi zituen, eta erregularki gainera. Espainiarra garaipen gose da, eta, horrez gain, emaitza ona behar du. Hamilton atzerago dagoenez, aukera ezin hobea du gaur irabazi, eta titulurako lehia estutzeko. Vettel etxean ariko da, baina Alonsori irabazteko ikusleen laguntza baino gehiago beharko du.
Vettelek hamabost zentimetrogatik gainditu du Alonso
Alemaniarrak lortu du 'pole'-a, eta bien artean erabakiko da Alemaniako Sari Nagusiko irabazlea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu