Txirrindulari guztiek amesten duten moduan irabazi zuen atzo Arthur Vichotek (FDJ) Dauphineko etapa, bosgarrena: bakarrik helmugaratuta. 23 urte besterik eduki ez arren, jarrera eta indar erakustaldia eman zuen frantziarrak, eta merezita altxatu zituen bi besoak. Zortzi lagunek osatu zuten eguneko ihesaldia, eta tropelak etapa euren artean jokatzeko baimena eman zien. Erasoak bata bestearen atzetik izan ziren, baina benetakoa Vichotena izan zen, sei kilometro falta zirela jo zuena. Inor ez zen gai izan hari jarraitzeko, eta profesional mailako garaipenik garrantzitsuena eskuratu du. Gainontzeko iheslariek esprinta egin zuten 26 segundo geroago, eta Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi) izan zen nagusi. Baliteke Vichoti ihes egiten utzi izan ez baliote euskaldunak irabaztea etapa, baina sekula ezin da jakin.
Ikuskizuna, lasterketaren aurreko aldean ez ezik, tropelean ere egon zen. Cadel Evansek (BMC) erasoa jo zuen, erlojupekoan galdutako denbora berreskuratzeko asmoz. Harekin batera abiatu zen Vincenzo Nibali ere (Liquigas). Izen eta izan handiak izaki, Sky taldeak berehala hartu zuen erantzukizuna tropelean, eta ez alferrik. Evansen taldetxoak lortu zuen abantaila, bai, baina itxaropen apur bat izaterainokoa ez. Skyk gogor jo zuen, eta berehala zapuztu zuen aurrekoen ametsa. Bradley Wigginsek (Sky) lider jarraitzen du, eta ez dirudi inork itzulia kenduko dionik.
Dauphineko etapa nagusia, dena den, gaur jokatuko da, eta idiaren aurretik ezin daiteke zintzarririk erosi. 167 kilometro pasa osatuko dituzte txirrindulariek, eta helmuga baino hamar kilometro lehenago Joux-Plane maila bereziko mendatea igaro beharko dute. Itzulia bihar amaituko da.
Suitzako Itzulia, gaurtik
Frantziako Tourra Dauphinen prestatzen ez duen orok Suitzako Itzulian probatzen du norberaren burua. Bada, gaurtik ekainaren 9ra bitarte ikusi ahalko da lehia Suitzako errepideetan. Gaur 7,3 kilometroko aitzin-etapa jokatuko da, eta itzuliak erlojupeko gogor bat eta hiru etapa menditsu ere izango ditu. Euskalteleko Igor Anton lehiara itzuliko da.
Vichotek irabazi du Dauphinen, bakarrik helmugaratuta
Sei kilometro falta zirela ihes egin, eta merezita gailendu da frantziarra; Egoi Martinez izan da bigarren, 26 segundora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu