Javier Camuñasek eta Carlos Arandak ez dute Osasunan jokatuko hastear dagoen denboraldian. Bi jokalariek atzo eten zituzten kontratuak Iruñeko taldearekin, eta dagoeneko biek Lehen Mailan jarraituko dute. Erdilaria Vila-Realen ariko da, eta bere talde berriak 2,3 milioiko etete klausula ordaindu du. Arandak, ordea, Levanten jokatuko du. Osasunak dohanik irteten utzi dio aurrelari espainiarrari.
Egunak ziren jakinekoa zela Vila-realek Javier Camuñas fitxatu nahi zuela eta bi taldeak negoziaketan zebiltzala. Osasunak fitxaketa merketzeko aukera eman zion Vila-reali, trukean Jose Manuel Catala hegalekoa sartuz. Valentziako taldeak, ordea, ez du onartu, eta etete klausula ordaindu du bere osotasunean. Bi denboraldiz gorritxoekin aritu ondoren, Camuñasek eskerturik utzi du Osasuna. «Eskerrak eman nahi dizkiet denei: presidentea, entrenatzaileak, jokalariak, zaleak, hedabideak... oso ongi portatu baitira nirekin», esan zuen atzo, agurreko prentsaurrekoan. Halere, taldea une latz batean uzten duela badaki, eta penaturik agertu zen: «Pena daukat taldea horrela utzi behar dudalako, baina 31 urterekin Txapeldunen Liga jokatzea polita izango da».
Carlos Arandak eta Osasunak ere atzo goizean lortu zuten akordio bat kontratua bertan behera uzteko. Beraz, Aranda aske geratu da beste talde batekin fitxatzeko, eta ordu batzuk geroago Levanterekin sinatu zuen kontratu bat. Osasunan ez da espero bezain ondo ibili, jokatutako ia 50 partidetan bederatzi gol sartu zituen soilik, nahiz eta zelaian lan handia egin.
Osasunak 8,3 milioi euro eskuratu ditu dagoeneko udako salmentetan —Monreal 6 milioitan saldu baitzioten Malagari—. Orain fitxaketen garaia heldu da Iruñera. Orain arte fitxaturiko laurak, Nino, Ibrahima, Robersio eta Marc Beltran, merkeak izan dira, baina ez dira nahikoak taldea utzi duten jokalariak ordezkatzeko. Jose Luis Mendilibarrek adierazi duenez, lehentasuna Monreal ordezkatuko duen ezker hegaleko bat fitxatzea da.
Vila-realek Javier Camuñas fitxatu du, eta Levantek, Carlos Aranda
Osasunak 2,3 milioi euro jasoko ditu erdilariarengatik; aurrelariak, berriz, dohanik utzi du taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu