Iritsi dira Dolomitak. Komeriak denontzat, aukera ona niretzat. Patxi Vilarekin hitz egin behar dut aurren-aurrena, Lampre taldea lasaiago zein etapetan ibiliko den galdetzeko. Haiek Basso eta Savoldelli egurtzeko asmoa badute, alferrikakoa da erasoa jotzea, eurena izango baita etapa. Gaurkoa da aproposena, Zoldo Altoko bukaera. Urrunetik jo behar da, minutuak pilatu ordekan eta bukaeran eutsi.
Sasoiz eta ondo nago. Horrek ez du arrakasta ziurtatzen, dena den. 20-25 txirrindulari ni baino indartsuago daude eta ezin dut zain egon azken mendatea arte, haiek atzean utziko nautelako. Perez Cuapio mexikarrarekin hitz egin nuen lehengoan eta hark Ortiseiko etapa irabazi nahi omen du, etzikoa, gogorrena. «Ausarta baduk txiki hau», pentsatu nuen neuretzako. Haren gurpilera itsatsiko naiz hasiera-hasieratik.Sailkapen nagusiari buruz, Bassorekin konfiantza handia dut. Azken urteetan, jarrera erasokorrarekin baino, defentsiboagoarekin lortu dira emaitza on-onak txirrindularitzan. Horretan iaioa da oso Basso: eutsi, eutsi eta eutsi. Savoldelli ere ondoan izango du zeregin horretan. Majo sufrituko dute bi horiek, dena den, Lampre eta Liquigas taldekoek bolbora asko dute erretzeko.Ni neu Lampreko kirol zuzendaria banintz, iazko taktika errepikatuko nuke. Vila bera edo Andrea Tonti aurretik bidali, eta azken aurreko mendatean Simonik edo Cunegok erasotzea. Iaz, Lenzerheiden, horrela lortu zuen lidergoa Cunegok, ezustean, Mazzoleniren laguntzarekin. Asteburuko bi etapak oso gogorrak dira, oso luzeak, 200 kilometrotik gorakoak, eta sailkapen nagusia erabat alda daiteke. Eguraldiarekin ere erne. Hotzak aldapak baino min gehiago egin dezake. Gailurrera bero-bero eginda iritsi eta beherakoan izoztu, ez da aurreneko aldia izango.
ARROSAREN ATZETIK
Vilarengana joango naiz, baimen eske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu