Frantziako Tourra

Vingegaardek badu bigarrena

Meeusek irabazi du Tourreko azken etapa. Zazpi euskal txirrindulariek amaitu dute lasterketa

Jonas Vingegaard Tourrean lortutako garaipena ospatzen. Danimarkarrak Pogacar berdindu du, bi garaipenekin. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Paulo Ostolaza.
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Amaitu da askoren ustez aspaldiko Frantziako Tourrik ikusgarriena izan dena. Behar bezala amaitu ere: ezusteko batekin. Aurten lau etapa irabazi dituen Jasper Philipsen (Alpecin) zen atzo Parisen nagusitzeko faboritoa, baina ezustekoa eman zuen Jordi Meeusek (Bora). Txirrindulari flandriarrak World Tourrean lortu duen lehen garaipena izan zen, non eta Eliseo Zelaietan, esprinterren tenpluan.

Philipsen bigarren izan zen, Groenewegen (Jayco) hirugarren, eta Pedersen (Trek) laugarren. Laurak ia batera helmugaratu ziren, eta helmugako argazkia erabili behar izan zuten irabazlea argitzeko.

Atzo etapak, ordea, Jonas Vingegaarden (Jumbo) garaipena ospatzeko balio izan zuen nagusiki. Denetik izan zuen aurtengo edizioak: maila ikusgarriko bi oilarren arteko lehia, ihesaldi bidez lortutako garaipen ugari, ezustekoak, milaka zale... Berezia izan da Euskal Herritik abiatu zen Tourra.

Vingegaard ala Pogacar (UAE). Pogacar ala Vingegaard. Hori zen zalantza lasterketari ekin aurretik, eta ez zen argitu hirugarren astera arte. Pogacar indartsuago zegoela zirudienean, Vingegaardek erlojupekoa baliatu zuen aldea kentzeko, eta Col de la Lozen gora errematatu zuen esloveniarrak. Azkenean, zazpi minutu eta erdiko tartea atera zion, baina azken etapara arte borrokan jarraitu zuten biek. Pogacar atzo ere ibili zen ihes eginda. Adam Yatesek (UAE) osatu zuen podiuma.

Palmaresean, beraz, Pogacar berdindu du danimarkarrak. Bina dituzte: 2020koa eta 2021ekoa Pogacarrek, eta 2022koa eta 2023koa Vingegaardek. Azken bietan, esloveniarra bigarren izan da, eta jada hitzeman du datorren urtean indartsuago itzuliko dela. Karisma handiko txirrindularia da, eta galtzen badakiela erakutsi du. Vingegaardek, berriz, iragarri du Espainiako Vueltan izango dela aurten. Han ere nagusitzeko gai izango al da?

Gainontzeko sailkapenen garaileak ere igo ziren atzoko podiumera. Erregulartasunaren elastiko berdea Philipsenek irabazi zuen, aise; mendikoa Giulio Cicconerentzat (Trek) izan zen; gazte onenarena, Pogacarrentzat; taldekakoa, Jumbo-Vismarentzat; eta txirrindulari saiatuenarena, Victor Campenaertsentzat (Lotto).

Euskal Tourra

Euskal txirrindularientzat ere gogoangarria izan da aurtengo Tourra. Bi etapa irabazi dituzte: Pello Bilbaok (Bahrain) hamargarren etapan, eta Ion Izagirrek (Cofidis) hamabigarrenean. Sailkapen nagusian ere hiru ziklista sartu dira lehen hogeien artean: Bilbaok seigarren amaitu du, Jonathan Castroviejok (Ineos) hamabosgarren, eta Mikel Landak (Bahrain) hemeretzigarren. Jarraitzaleen oroimenean geratuko da Bilbaok zale bati emandako kaskarrekoa ere.

Zazpi euskaldun abiatu ziren Bilbotik —aipatutakoez gain, Alex Aranburu (Movistar), Gorka Izagirre (Movistar) eta Omar Fraile (Ineos)—, eta guztiak heldu dira Parisko helmugara. Lehen hiru etapek erakutsi zuten euskal zaleak maila gorenekoak direla, eta hurrengo hiru asteek berretsi dute txirrindulariak ere hala direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.