Frantziako Tourra

Vingegaardek kolpe handia eman du erlojuaren aurka

Maillot horidunak 1.38 atera dio Pogacarri 22 kilometro eskaseko saioan, eta eskura du orain Tourra. Bilbaok laugarren denborarik onena egin du, eta Adam Yates hirugarren jarri da nagusian

jarraia230841.jpg
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 18a
18:14
Entzun

Mendietan izan ez diren aldeak sortu ditu erlojupekoak. Tourreko bakarkako saio bakarra izan da, eta Jonas Vingegaardek (Jumbo) txikitu egin du Tadej Pogacar (UAE). 10 segundo eskaseko aldea zegoen bien artean; bada, danimarkarrak 1.38 atera dio gaur esloveniarrari. Aspaldian erlojuaren aurka ikusi den erakustaldirik handiena izan da. Pogacarrek oso saio ona osatu du, baina lasterketako liderra beste dimentsio batean aritu da. Mugarriz mugarri, denbora atera dio haren aurkari nagusiari, eta kolpe handia eman du Tourra irabazteko lehian. Pogacar 1.48ra du orain sailkapenean. Esloveniarrak miraria beharko du gelditzen diren mendiko etapetan iraultza egiteko.

Erlojupekoak aldaketa aipagarri bat ere eragin du sailkapeneko onenen artean: Adam Yatesek (UAE) hirugarren postua kendu dio Carlos Rodriguezi (Ineos). Bost segundo besterik ez daude orain podiuma osatzeko bi hautagai nagusien artean. Pello Bilbaok (Bahrain) nahiko urrun du borroka hori, baina saio handia osatu du gaur. Hainbeste, ezen Vingegaard eta Pogacarren ondotik denborarik onena egin duen faboritoa izan baita: laugarren izan da, 2.55era. Zazpigarren postuari eutsi dio nagusian, eta hurbildu egin zaie Sepp Kussi (Jumbo) eta Jai Hindleyri (Bora). Jonathan Castroviejok (Ineos) ere lan txukuna egin du: 11. sailkatu da, 3.36ko atzerapenarekin.

22 kilometroko saio gorabeheratsua izan dute Passy eta Coumbloux artean. Hasieran koska txiki bat zegoen, eta amaieran, Domacyko igoera (2,5 kilometro eta %9,4ko pendiza). Tontorrera iritsita, azken hiru kilometroak ere maldan gora egin beharrekoak ziren.

Lehen 40 txirrindulariak ez dira gai izan 37 minututik jaisteko. Mads Pedersen (Lidl) izan da muga hori apurtu duen lehena: 36.06. Esprinterra izanagatik, lan txukuna egin du amaierako aldapan. Alabaina, azkarrenaren aulkian esertzeko astirik ere ez du eduki, berehala helmugaratu baita Remi Cavagna (Soudal), 35.42ko denbora eginda. Frantziarra iaioa da erlojuaren aurka, eta haren markak, Pedersenenak ez bezala, luzaroan iraun du indarrean.

Txirrindulari batzuk lasai joan dira, datozen egunetarako indarra gorde nahirik, eta beste batzuek erreferentziak hartu dituzte taldeburuentzat. Tarte luze batez, Mikkel Bjerg (UAE) izan da igoeraren aurretik bizikleta aldatu duen bakarra. Beste guztiek bizikleta adardunarekin egin dute maldan gora. Stefan Kueng (Groupama) izan da aldatzeko apustua egin duen hurrengoa. Espezialista suitzarrak sei segundoan ondu du Cavagnaren denbora lehen mugarrian, baina behera egin du hortik aurrera, eta bizikleta arinak ez dio askorik lagundu: 52 segundo galdu ditu helmugan.

Indarrak bukaerarako gorde ditu Wout van Aertek (Jumbo). Cavagnaren atzetik izan da lehen bi mugarrietan, baina estutu egin du maldan gora, eta 15 segundoan hobetu du helmugan frantziarraren denbora. Flandiarrarena hirugarren markari onena izan da azkenean. Ezin izan dio eutsi lasterketako bi ziklistarik indartsuenen joari.

Pogacarrek denborarik onena ezarri du mugarri guztietan, baita helmugan ere, baina alferrik izan da. Azken aldaparen aurretik bizikletaz aldatzeak ere ezer gutxirako balio izan dio. Azkar joatea ez zen aski, Vingegaard suziri bat izan baita. Zazpi kilometroan 16 segundo atera dio; hamasei kilometroan, 31; eta Domancy gainean 1.05eko errenta zuen jada. Danimarkarrak bizikleta astunarekin egin du igoera. Gutxi inporta izan dio; hegan zihoan.

Tour honetako mendiko etapa nagusia jokatuko dute bihar, Saint-Gervais eta Courchevel artean. 165 kilometroan 5.100 metro pilatuko dituzte maldan gora, lau igoerarekin: Saisies, Roselend, Longefoy eta Loze. Azken hori aurtengo Tourreko mendaterik garaiena da, 28 kilometro ditu, eta azken bost kilometroetan pendiza %9tik gorakoa da. Han lehertuko da faboritoen arteko borroka, lehenago Pogacar lasterketa hankaz gora jartzen saiatzen ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.