txirriNDULARITZA

Vinokuroventzat urrea

38 urteko txirrindulariak irabazi du errepideko lasterketa, Uran iheskideari aurrea hartuta. Kristoff geratu da hirugarren. Castroviejo ia etapa osoan ihes eginda egon da, beste batzuekin batera; azkenean, hamazazpigarren sailkatu da.

2012ko uztailaren 28a
00:19
Entzun

Aleksandr Vinokurovek (Kazakhstan, 38 urte) irabazi du Olinpiar Jokoetako errepideko urrezko domina, helmugan Rigoberto Uran (Kolonbia) iheskideari esprintean irabazita. Hirugarren Alexander Kristoff (Norvegia) sartu da, zortzi segundora, tropel txiki bateko buru gisa.

Eraso ugari izan dira saio osoan, eta haien ondorioz, txirrindulari batzuk batuz joan dira. 60 kilometro inguru falta zirela, 30en bat lagun geratu dira aurrean; haietako asko, ziklista ezagunak: Gilbert, Fuglsang, Brajkovic, Boom, Gesink, Kolobnev, Kreuziger, Van Garderen, Nibali, Chavanel, Cancellara —11 kilometro falta zirela erorikoa izan du, eta ezin izan du haiekin segitu—, Valverde, Leon Sanchez, Vinokurov, Uran... 

Minutu bateko aldearekin egon dira betiere, eutsiz, eta bukaerarako zazpi kilometro falta zirela, Uranek erasoa jo du, Vinokurovek segitu dio, eta biak bakarrik heldu dira helmugara, The Mallen —Buckingham jauregiaren ondoan—.

Jonathan Castroviejok (Getxo, 1987) azpimarratzeko moduko lasterketa egin du, 26. kilometrotik ihes eginda egon baita. Hamazazpigarren sailkatu da, hamasei segundora.

2008an Pekingo Olinpiar Jokoetan Samuel Sanchez (Espainia, 1978) Euskaltel-Euskadiko kideak irabazi zuen errepideko proba. Aurten ezin izan da Londresko jokoetara joan, Frantziako Tourrean izandako eroriko bategatik.

Sailkapena

1. Alexandr Vinokourov 5:45:57.
2. Rigoberto Uran d.b.
3. Alexander Kristoff 08ra
4. Taylor Phinney d.b.
5. Sergei Lagutin d.b.
6. Stuart O'Grady d.b.
7. Jurgen Roelandts d.b.
8. Gregory Rats d.b.
9. Luca Paoloni d.b.
10. Jack Bauer d.b.

Palmares handia

Palmares handia du Vinokurovek: Espainiako Vuelta bat (2006an) eta lau etapa, Frantziako Tourreko lau etapa, 1999ko Dauphine-Libere, 2002ko eta 2003ko Paris-Niza, 2003ko Suitzako Itzulia, 2005eko eta 2010eko Lieja-Bastogne-Lieja.... Irailaren 16an beteko ditu 39 urte. Gaurko garaipenarekin Olinpiar Jokoetako errepide proban izandako txapeldun beteranoena da.

2007ko Tourrean positibo eman zuen, eta bi urteko zigorra jarri zioten. Indartsu bueltatu zen, indartsu bueltatu zenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.