Halaber, tropelaren buruan sartzea lortu dute Euskaltel-Euskadiko Haimar Zubeldiak eta Iban Mayok; baita AG2Rko Iñigo Chorrauk ere.
Gaur arteko lider Victor Hugo Peña, berriz, atzeratu egin da. Dena den, etapako lehen mendateetan sekulako lana egin du bere taldeko (US Postal) buruzagi Lance Amstrongi laguntzen.
Faboritoen artean, gaurko etapan kaltetuenak Simoni eta Botero izan dira, denbora dezente galdu baitute tropel buruarekiko.
Virenquek etapa itzela egin du: lehen mendatean, Portesen, ihes egin, eta erasoan egin du lasterketa guztia. Gaur bezala, 2000. urtean Morzinen amaitu zen Tourreko etapa bat, eta orduan ere, Virenque izan zen irabazle.
Lance Amstrongen US Postal taldeak ere etapa handia egin du, uneoro eurena izan baita tropelaren buruaren kontrola. Amstrongek berak indartsu dagoela erakutsi du, eta Ramaz mendatean gora —aurtengo Tourreko lehen mailako aurreneko mendatea— etapa irabazteko gogoa ere sumatu zaio memento batzuetan.
Nolanahi ere, Alpeetako lehen etapa gogorra gertatu zaie karrerista askori; batzuk amoare eman eta utzi egin dute. Alessandro Petacchi lehen sei etapetatik lau esprintean irabazi dituen italiarra izan da horietako bat: 52. kilometroan etsi egin du, eta agur esan dio aurtengo Tourrari.Portesko mendatean Virenquerekin batera erasoa jo duen Jesus Manzano Kelmeko txirrindulariak, berriz, ondoeza izan du mendate horretan bertan eta erietxera eraman behar izan dute. Beroak eta ur faltak egin bide dio gaitz Manzanori.
Frantziako Tourra
Virenque irabazle Morzinen, eta, gainera, elastiko horiaren jabe
Richard Virenque Quickstepeko txirrindulari frantziarrak irabazi du Lyondik Morzinera bitarteko etapa , Alpeetako lehenengoa; hau da, aurreneko lasterketa menditsua. Etapa irabazteaz gain, elastiko horiaren jabe egin da. Rolf Aldag alemaniarra, Telekomekoa, sartu da bigarren 2'29''ra, eta Sylvain Chavanel hirugarren 3'45''ra. Tropela Virenque baino lau minutu eta sei segundo beranduago iritsi da helmugara; talde horren buruan sartu dira Lance Amstrong, Joseba Beloki eta Jan Ullrich. AG2Rko Mikel Astarloza izan da helmugan aurreneko euskalduna, hamaikagarren lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu