Virenquek etapa eta lidergoa

Gustuko helmuga du Richard Virenquek Morzinekoa: duela hiru urte garaipen gogoangarria lortu zuen, dopinagatik zigorra bete eta gero; atzo, sari bikoitza izan zuen haren ahaleginak, etapa eta lidergoa lortu baitzituen ihesaldian. Faboritoen artean ez zen erasorik izan, baina mendiko lehen etapak bi galtzaile utzi ditu: Gilberto Simoni eta Santiago Botero. Biek 6:15 galdu zuten Lance Armstrongen aldean .

2003ko uztailaren 14a
00:13
Entzun
ANDONI URBISTONDO

Richard Virenque bakarra da. Bera da garaipen epikoak lortzen iaioena tropelean. Bera da mendia iritsi eta gehien ahalegintzen den igotzailea. Bera da Tour hasieran agintzen duena gehien betetzen duena. Miresgarria da bere kirol jarduna, bere palmaresa. 12. Tourra korritzen ari da eta atzokoa bere seigarren etapa garaipena da. Denak mendiko etapa gogorrenetan lortu ditu, Mont-Ventouxekoa iaz, edo Morzinen bertan, atzoko etapa bukatu zen toki berean 2000. urtean lortu zuena. Maillot horia ere soinean eramango du, baina ez du burua galduko nagusiko lehen postuari eusten. ÒMendiko sailkapena eta etapak dira nire helburuaÓ, esan zuen orain aste eta erdi. Lan erdiak bete ditu. Eta beste erdia ere beteko du.

Baina zuri guztiak ez dira irin, ordea. Kirol jardun dotoreak badu hain distiratsua ez den bestalde iluna. Frantzian idolo bat da Virenque, baina bere jarrerak, izaerak, halako errezeloa sortzen du eta jende askok begitan hartua dauka. Zenbatetan ikusi dugu Quick Step taldekoa, ihesaldi batean, iheskideei erreleboak eskatzen modu zatarrean, eskuekin keinu itsusiak egiten, ahobero. Edota garaipena eskura duenean, ahoa ireki-irekia eramaten, itxurakerietan, ezinean balihoa bezala, azken kilometroak aldapa behera direla jakinda ere, atzo gertatu zen moduan.

185 kilometro egin zituen ihesean Virenquek Morzinera bidean. Errepidea gorantz begira jarri eta berehala, bihotz taupadak behartu eta aurrera jo zuen Kelmeko Manzanoren erritmo aldaketa baliatuta, Tourreko lehen mendate luzean, Col des Portes igoeran. Ordurako aurretik ziren Paolo Bettini taldekidea, Rolf Aldag handia (Telekom), Poilvet (Credit Agricole) eta Clain (Cofidis) hiru minutuko errentarekin.

Bettini eta Virenqueren arteko eztabaida

Karrerista txikia da Bettini, baina txikia bezain ona bere lanean eta berea defendatzen. Atzetik Virenque zetorrela jakin zuenean, bere laukoteko artaldi lasaian otsoa sartuko zela ikustean, azalpenak eskatzera joan zen taldeko autora. Wilfred Peetersek eta Patrik Lefevrek, Quick Stepeko kirol zuzendariek, eguneko lan zailena egin zuten aitaren batean. Bettini sutuari Virenquerekin etapa eta maillot horia lortzeko aukera bikoitza zutela ulertarazi. Virenque eta Bettini, oilategi bereko bi oilar, lanean hasi ziren serio eta zortzi minutura igo zuten aldea helmugarako 100 kilometrora. Helmugara iritsiz gero, eurena zen garaipena, Aldag eta Poilvet ez direlako igotzaile onak.

Tropelean, bitartean, US Postal, lanean, baina lasai, tropela behartu gabe. Virenque, jada, ez da karrerista arriskutsua Armstrongentzat. La Ramaz mendateko magalean 7,10eko errenta zuen laukoak (Clain aspaldi geratu zen atzean). US Postalek erritmoa bizitu zuen Peña liderrarekin aurrena, Hincapierekin gero, eta Beltranekin azkena. Nahikoa izan zen garia eta lastoa banatzeko, batzuen ezina azaleratzeko eta erasotzeko gogotsu zirenen ahalegina agortzeko.

(Hurrengo orrialdean jarraitzen du)

(Aurreko orritik dator)

Vinokourov (Telekom) eta David Etxebarria (Euskaltel-Euskadi) bakarrik saiatu ziren US Postal taldearen diktadura hausten, baina tropeletik irten eta tropelak irentsi, biak bat.

Boterok eta Simonikagur Tourrari

Beltranen erritmoa azkarra zen, baina erasorik ez egoteko bezain azkarra? Virenquek eskura zuen garaipena eta horrek etapa ehiztarien ekimena mugatu bazuen ere, oilarrek ez zuten Armstrong xaxatu, benetan garaiezina den edo ez ikusteko. 40 txirrindulari helmugaratu ziren Morzinen onenen tropelean. Askotxo, erritmoa gogorregia izan ez zela adierazten du horrek.

Beltranen erritmoa kaltegarria izan zen oso zenbait taldebururentzat. Kaltetuenak, Gilberto Simoni eta Santiago Botero. 6,15 galdu zuten onenen tropelekiko biek eta horrek ez die batere laguntzen Armstrong garaitu nahi duten beste hautagaiei. Karrerista erasokorrak, ausartak zenbatzen hasi, eta ziurrenik Simoni eta Botero dira ausartenak. Aurrerantzean askatasuna emango die Armstrongek, eta ez da alferrik nekatuko haien erasoekin.

Virenque, bitartean, berera. La Ramaz gainean lau minutuko aldea zuen. Kostata utzi zuen atzean Aldag alemaniarra, baina Virenquek ez du kale egiten horrelako etapetan eta atzo ez zuen kale egin. 4,06ko aldea atera zion tropelari eta lider da 2,36ko errentarekin.

Euskaldunek lan txukuna egin zuten. Eusten, baina aurrean. Euskaltel-Euskadiko Laiseka, David Etxebarria, Iban Mayo, Samuel Sanchez eta Haimar Zubeldia aurrean sartu ziren. Baita Joseba Beloki (ONCE-Eroski) eta AG2Rko bikote pasaitarra, Iñigo Chaurreau eta Mikel Astarloza ere. Azken hau laugarren da gazteen sailkapenean eta Sanchez seigarren. Pena izan zen ezin izan zutela eguneko ihesaldian sartu. Gaur, Alpe d'Huezen, benetan zaila izango da ihesaldi batek arrakasta izatea. Galibier ez baita La Ramaz. Eta Armstrongek maillot horia nahi duelako berandu baino lehen.

Maillot horia, edo berdea, garrantzirik gabeko kontuak dira dagoeneko Alessandro Petacchi eta Jaan Kirsipuurentzat. Tourreko lehen mendate serioan jaitsi zen bizikletatik italiarra, lau esprinten garailea, eta aurreraxeago Kirsipuu. Estoniarrak ez du inoiz Tourra bukatzea lortu. Aurten ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.