Berasategik (Bilbo, 1975) 25 urtetik gora daramatza kirolean, eta aurrerantzean ere jarraituko du baina ez jada modu profesionalean. Aurtengo denboraldia aurkeztu du bilbotarrak eta esan du hau izango duela azkena. "Nire bizitzaren ardatza izan da kirola eta ez dut sekula utziko, baina orain triatleta baino zerbait gehiago izan nahi dut", esan du.
Iñaki Azkunarekin egin du adierazpena Berasategik, aurten Bilboko triatloian parte hartuko baitu. Azken denboraldia izan arren parte hartuko duen txapelketa guztietan dena emango duela adierazi du. 2003an distantzia luzeko munduko txapelketa irabazi zuen, eta aurten ere parte hartuko du horretan. Alpe D'Huezeko triatloian ere ariko da.
1988an egin zuen debuta Berasategik triatloian. 16 urterekin 1991n Munduko Txapelketan parte hartu zuen, Australian; txapelketako gazteena izan zen. Duatloiko Munduko Txapelketan ere irabazi zuen domina 1997an, baita urte berean Mundukoan ere.
Hawaiko Ironmaneko podiumean
2009an Hawaiko Ironmanaren podiumera igo zen (urtebete lehenago Eneko Llanosek egin zuen moduan), eta Europako Triatloi Txapelketa irabazi zuen. 2010ean Gasteizen jokatua zen Europako Txapelketan ere urrezko domina irabazi zuen.
2005ean bere ibilbidea dopin positibo faltsu batek orbaindu zuen, baina gerora garbi frogatu zen errugabea zela. "Dopinaren inguruan arin hitz egiten da, eta orbana beti izango dut hor", esan zion BERRIAri orduko horretan emandako elkarrizketan.