Txirrindularitza

Vivianik, orain, ez du kale egin

Esprinter italiarrak hirugarren etapa garaipena lortu du Giroan. Markel Irizarrek 160 kilometro egin ditu ihes eginda.

Quick-Step taldeko Elia Viviani txirrindulari italiarra, gaurko etapako helmugara iritsi den unean. DANIEL DAL ZENARO, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 18a
09:39
Entzun

Giroan hiru etapa garaipen lortzearen helburua jarri zion bere buruari Elia Vivianik (Quick Step), eta Israelen bi irabazi ondoren, hamahiru egun behar izan ditu hirugarrena lortzeko. Behin Italian sartuta, baina, Sam Benettek (Bora) aurrea hartu dio, eta Vivianik mikatza izan du ahoan egunero. Gaur arte. Izan ere, Nervesa della Battaglioko esprintean Vivianik ez du aurkaririk izan. Sailkapen nagusiari dagokionez, ez da aldaketarik egon.

Esprint erritmoa helmugatik sei kilometrora hasi da, eguneko iheslariak harrapatu dituztenean. Tartean zen Markel Irizar (Trek), Giroan bigarrenez ihes eginda, eta bera izan da ihesaldiko kiderik borrokalariena. Beste lauak Alessandro Tonelli (Bardiani), Andrea Vendrame (Androni), Marco Marcato (UAE Emirates)  eta Eugert Zhupa (Wilier Triestina) izan dira. 10. kilometroan ihes egin 164 egin dituzte ihesean. Iheslariak ehizatu dituztenean esprinterren taldeek asko bizkortu dute erritmoa. Bereziki Lotto-Jumbok eta Katuxak. Tropela bat eginda iritsi da azken kilometrora arte, eta orduan Marco Coledanek (Wilier) eraso ausarta egin du. Coledan esprinta hausten saiatu da azken kilometroan, eta lau segundoko aldea lortzera iritsi da. Helmugatik 200 metrora harrapatu dute esprinterrek. Bere erasoak, baina, talde eta bideratzaileen diziplina hautsi du, eta esprinterren arteko buruz buruko lehian Viviani izan da bizkorrena. Bigarren Bennett izan da, eta hirugarren Danny van Poppel (Lotto Jumbo).

Sailkapen nagusiak berdin jarraitzen du. Simon Yatesek (Mitchelton) darama elastiko arrosa, Tom Dumoulinekiko (Sunweb) 74 segundoko aldearekin. lehen euskal herritarra Pello Bilbao (Astana) da, zortzigarren,  2.54ra.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.