Vos gabe, irekiagoa

Iazko txapeldun eta faborito nagusia ariko ez denez, Emakumeen Bira irabazteko hautagai zerrenda luzatu egin da

Van Vleuten, Hausler eta Arndt, iaz, Birako azken etapako podiumean. Hirurak ariko dira aurten. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Emakumeen 25. Bira bihar zortzi hasiko da, Iurretan (Bizkaia), eta lau egun geroago bukatuko da, berriz ere Durangaldeko bihotzean. Urtemuga borobila da, eta azken urteetako lasterketarik irekiena espero da, Marianne Vos (Rabobank) iazko txapeldun eta irabazteko faborito nagusia zenak lepauztaia hautsi zuelako iragan ostiralean, eta ezingo duelako parte hartu. Ibilbideari dagokionez, antolatzaileek azaldu dutenez, «aurreko urteetakoa baino leunxeagoa» da, txirrindulari gehienak buru-belarri prestatzen ari direlako Olinpiar Jokoak, eta nahi dutelako eragin handirik ez izatea haien prestaketan.

Iurretako Ziklismo Elkarteak antolaturiko proba hori hilaren 7an hasiko da, eta ekainaren 10era arte iraungo. Berritasun nagusia azken-aurreko etapan egongo da, bi sektore izan beharrean erlojupeko bakarra jokatuko delako, 13,4 kilometrokoa, Urduñan (Bizkaia). Aurretik, lehen egunean, Iurretan hasi eta Abadiñon bukatuko den 97 kilometroko etapa jokatuko dute. Bigarrenak herri berean izango ditu irteera eta helmuga: Lekeition (Bizkaia), 97 kilometro eginda. Etapa nagusia azkena izango da, Urduñatik Iurretarainoko 116 kilometrokoa. Bidean, Zumeltza, Urkiola eta Duñako gainak igo beharko dituzte.

Parte hartzaileei dagokienez, guztira hogei talde izango dira, eta, Mariane Vos falta denez, Greenedgeko kideak ageri dira faborito. Horko kide dira Claudia Hasler —2010eko txapeldun eta 2009ko txapeldunordea— eta Judith Arndt —2009an txapeldun eta hirugarren azken bi aldietan—. Emma Johansson iazko txapeldunordea ere (Hitec) irteera marran izango da. Kontuan hartzekoak dira, halaber, Ina Yoko Teutenberg (Lululemon), Emma Pooley (AA) eta Nicole Cooke (Faren Honda). Era berean, Annemiek Van Vleutenek ere (Rabobank) aukera izango du, 2010eko txapeldunordea libreago mugitu ahal izango baita Vos zerrendaburua gabe.

Euskal ordezkarien artean, Eneritz Iturriagaetxebarriak (Lointek) du nabarmentzeko aukera gehien. Bere taldean, Mireia Epelde eta Ana Usabiaga ere ariko dira. Bizkaia-Durango taldeko maillotarekin, berriz, Cristina Alcaldek, Dorleta Eskarmendik eta Ane Santestebanek parte hartuko dute. Debabarrena-Gipuzkoa taldeak ez du parte hartuko Biran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.