Fabian Cancellara da berriro Espainiako Vueltako, liderra, gaur Valentzian (Herrialde Katalanak) 30,3 kilometroko erlojupekoa irabazi ondoren. Cancellarak berak eskuratu zuen itzuliko 1. etapa -4,8 kilometroko erlojupekoa-, eta egun batzuez izan zen Vueltako buru sailkapen nagusian. Andre Griepelek kendu zion lidergoa, gain sariei esker.
David Millar izan da gaur bigarren, 32 segundora. Hirugarren, Bert Grabsch, 36ra. Itzuliko faboritoen artean Schleck anaiak izan dira kaltetuenak: Andyk 2.02 galdu du Cancellararekiko, Frankek 2.22. Samuel Sanchez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak 47 segundo galdu ditu -seigarren izan da-, Cadel Evansek 1.02, Alejandro Valverdek 1.05, Ivan Bassok 1.43. Haimar Zubeldia 17. izan da, 1.18ra.
Sailkapen nagusian Tom Boonen dago bigarren, 51 segundora. Euskal txirrindulari bat jarri da hirugarren: David Herrero, 59ra -gaur 40 segundora heldu da, laugarren-. Evans 1.12ra dago, Valverde 1.14, Sanchez 1.20ra. Zubeldia 1.43ra, hamabigarren.
Bihar izango dute 8. etapa (Altzira-Aitana gaina, 204,7 kilometro), mendiko aurrena. Hirugarren mailako lau mendate igoko dituzte, bigarren mailako hiru eta, bukaeran, maila berezikoa. Etziko etapa ere mendikoa izango da.
Irailaren 20an bukatuko da Vuelta, Madrilen.
txirrindularitza
Vueltako lidergoa berreskuratu du Cancellarak
Berak irabazi du 30,3 kilometroko erlojupekoa. David Herrero hirugarren jarri da sailkapen nagusian. Bihar itzuliko mendiko lehen etapa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu