Baionako Masters torneoak hasiera bikaina izan zuen, eta atzo Modernen bildutako zaleak oso gustura murgildu ziren bestetan. Waltary Agustik eta Ximun Lanbertek ondo kostata irabazi zieten Patrick Ibarrola eta Patrick Ozafraini torneoko lehen finalerdian (40-34). Irabazleek gaur ezagutuko dituzte igandeko finaleko aurkariak, Xalak eta Thierry Arizmendik Olivier Larretxea eta Thierry Etxetoren aurka jokatuko duten partidan (18:30).
Lehen finalerdia oso gogorra izan zen, 80 minutuko partida, eta nabaritu zen antolatzaileek pilota motelagoak jarri dituztela. Waltaryk ezin izan zuen ohiko mina egin sakearekin, eta piloteo ugari egon zen. Oreka izan zen nagusi ia partida osoan, eta ez bikote batek ez besteak ez zuen alde handirik lortu 33nako berdinketara arte.
Binakako txapeldunek azken txanpan hautsi zuten partida, freskoago iritsi baitziren. Waltaryk libreago jokatu zuen orduan, eta berak erabaki zuen finalerdia. Halaber, Lanbertek lan handia egin zuen, oso ondo eutsi baitzion piloteoari. Lehen urtea du berezkoen elite mailan, eta txapelari udako torneo garrantzitsuena gehi diezaioke.
Beteranoei dagokienez, lan txukuna egin zuten, baina ezingo dute torneoa hirugarren aldiz jarraian irabazi. Izan ere, Ibarrolak —lau aldiz irabazi du Baionan— erretiroa hartuko du urte bukaeran, eta Ozafrainek ere atzo ezin izan zuen ziurtatu heldu den urtean berriz ere jokatuko duen. Txaloka agurtu zituzten zaleek.
Waltary eta Lanbert Baionako Masterseko finalerako sailkatu dira
Binakako txapeldunek ondo kostata irabazi diete Ibarrola eta Ozafraini lehen finalerdian (40-34)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu