Trinket buruz burukoaren final-laurdenak jokatu ziren atzo eta herenegun, eta erabakita geratu da zein lau pilotari ariko diren finalerdietako ligaxkan: Waltary, Kurutxarri, Bonetbeltxe eta Arizmendi. Lehen biek eroso irabazi zuten euren norgehiagoka, eta azken biek lan gehiago egin behar izan zuten. Waltaryk bigarren zati bikaina jokatu eta 40-25 irabazi zion Lamberti, eta Kurutxarri ere aise gailendu zen, Alfaro 40-13 kanporatuta. Bonetbeltxek gogotik izerditu behar izan zuen Ozafraini 34-40 irabazteko, eta Arizmendi ere ozta-ozta sailkatu zen, Ezkurra 37-40 mendean hartuta. Hala, lau pilotariok hilaren 30ean jokatuko dute finalerdietako ligaxkako lehen norgehiagoka, Arrangoitzeko trinketan.
Partidarik ikusgarrienak atzo Baionan jokatutako biak izan ziren. Emaitzarik estuena Ezkurraren eta Arizmendiren artekoak izan zuen, eta jokoa ere ona izan zen. Lehia estua jokatu zuten biek, baina hori bai, Arizmendi beti aurretik joan zen. 33-39 aurretik zela, baina, aukerako pilota bat huts egin eta gorriak ikusi zituen irabazteko, aurkaria 37raino hurbildu baitzitzaion. Azkenean, hala ere, garaipenak ez zion ihes egin. Bonetbeltxek ere asko sufritu zuen Ozafrain mendean hartzeko, eta ezustekoa eman zuela esan daiteke. Hasieran abantaila hartu eta gero ongi eutsi zion aldeari. Partida oso teknikoa izan zen. Herenegun, berriz, Senperen jokatu ziren beste bi partidak, eta Waltaryk eta Kurutxarrik eroso irabazi zuten.
Waltary, Kurutxarri, Arizmendi eta Bonetbeltxe, finalerdietara
Ezkurra II.a txapeldunordea eta Ozafrain ez dira sailkatu hilaren 30ean hasiko den ligaxkarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu