Mark Webber australiarrak urteko lehen pole-a lortu du Malaysiako sailkatze saioan, euriak baldintzatu duena. Lehen sailkatzean Ferrariko bi gidariak kanporatuak gelditu dira, pista lehortuko zelakoan beren itzuliak atzeratu dituztenean. McLarenen gauza bera gertatu zaio Hamiltoni, eta Button pistatik irten da. Polea erabaki duen Q3 saioa eten egin da euri jasagatik, eta berriro martxan jarri denean Webberrek arriskatu egin du pneumatiko mixtoak montatuz. Jokaldia ezin hobe atera zaio.
Bere alboan Rosberg izango du, beste behin Schumacherri aurrea hartu baitio. Vettel bigarren lerrotik aterako da, Adrian Sutil Force Indiakoarekin batera. Hulkenberg lehen aldiz sailkatu da Q3 saiora eta bosgarren denbora egin du, Kubica eta Barrichelloren aurretik. Schumacher zortzigarren izan da, euripean gehiago egitea espero bazuen ere. Kobayashi eta Liuzzi izan dira top10 postuak itxi dituztenak.
Q1 saioko lehen itzuliak euripean eman dituzte. Gidari garrantzitsuenek itxaron egin dute atera aurretik, pista lehortuko zelakoan. Baina jokaldia ez zaie ondo atera, pistak ez baitu hobera egin. Alderantziz, euri gehiago bota du. Ferrariko bi gidariak saiatu badira ere, ezin izan dute atzeko zulotik atera, Hamiltonekin batera. Button pistatik atera bada ere, ordurako denbora hobea egina zuen. Hala ere autoa eskapatorian gelditu da eta ingelesak ez du Q2an parte hartu. Kanporatuak: Trulli, Alonso, Hamilton, Massa, Chandhok, Senna, di Grassi.
Euririk gabe hasi da Q2 saioa, baina pista toki batetik bestera bustia edo lehorra zegoen. Saioaren erdialdera pista lehorta da gehienean, tenperatura altuek (30ºC) lagunduta, baina bost minuturen faltan euria itzuli da eta denborak hobetzea ezinezko bilakatu da. Batez ere azken sektorea hezetu da, eta hor galdutako denbora gehiegizkoa izan da. Sorpresa gutxiago izan da saio honetan, eta Buttonek ez du parte hartu, aurreko saioan pistan geratu delako. Kanporatuak: Petrov, de la Rosa, Buemi, Alguersuari, Kovalainen, Glock, Button.
Eta eguraldiak aldakor jarraitu du, Q3an oso ilun gelditu baita zerua. Haize, euri eta tximista, guztia agertu da bapatean. Oso baldintza kaskarretan aritu dira, eta saio hasi eta gutxira gelditu egin dute bandera gorriekin. Ordu laurden beranduago saioa berriro martxan jarri denean, oraindik oso bustia zegoen baina lehortuz joan da. Baldintza horietan Webberrek sekulako denbora egin du bere azken itzulian, gidari guztien denborak txartuz zihoazenean, australiarrak kronometroa txikitu du.
1 formula
Webber birrintzaile Malaysiako euritean
Australiarrak urteko lehen 'pole'-a lortu du Malaysiako sailkatze saioan. Euriak baldintzatu du proba. Lehen sailkatzean Ferrariko bi gidariak kanporatuak gelditu dira, pista lehortuko zelakoan beren itzuliak atzeratu baitituzte. Gauza bera gertatu zaio Hamiltoni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu