Joera, edo inertzia, gutxitan aipatu ohi da auto edo gidari baten sendotasun gisa. Aldiz, motorraren bultzada, aerodinamika eta pneumatikoen zaintza denen begi bistan dauden parametroak dira. Agian, 1 Formula kirol teknologikoa delako, lehia teknologikoan oinarritzen delako eta garaipenak eta porrotak neurgailu horiekin aztertzen direlako. Ferrarik bere garaipenak V12 motorraren magiari esker lortzen zituela esatea gustuko baitzuen. Eta Red Bull autoaren aerodinamikak lasterketak irabazten dituela esateak asko saltzen duelako. Baina 1 Formula ez da teknika soilik.
Fernando Alonso ez da txapelketako buru, baina azken bi lasterketak irabazi ditu: Italian eta Singapurren. Monzan auto onena zuen, eta ondo landutako garaipena lortu zuen. Singapurren, berriz, Sebastian Vettel eduki zuen lasterketa osoa itsatsita. Red Bullekoak zuen zaldi azkarrena, baina Alonso gainditu ezin, eta espainiarrak irabazi zuen berriro. Eta, hala, Alonsoren unea da orain, bera baita momentuko gidaria. Hazi egin da, eta ez hori bakarrik, bere aurkarien artean ere errespetua eragiten du. Mark Webberrek Alonso du buruan, ez dago zalantzarik.
Txapelketak, ordea, Webber dauka buruan. Alonso momentuko gidaria bada, Webber da urtekoa. Australiarrak ez du askorik lortu azken bi lasterketetan: seigarren eta hirugarren izan da.Red Bull ukiezina zen lehen, baina aukera hori ez zuen aprobetxatu. Orain, alde hori ia desagertu da, eta galdutako aukerez gogoratuko dira taldean. Lehen lasterketetan sekulako aldea atera zezaketen, baina Turkian bien artean izandako istripua, bereziki, garesti ordaintzen ari dira. Baina Webberrek aurten onena eman du, eta gidari osoa dela erakutsi. Beti amaitu du puntuetan, Valentziako hegaldiagatik ez balitz.
Lewis Hamilton da hirugarren hautagaia, azken lasterketetan zorterik txarrena izan duena. Ez du irabazteko moduko autorik, baina, hala ere, irabaz zezakeen. Azken lau lasterketetatik bakarra amaitu du, baina hura irabazi egin zuen, Belgikan hain zuzen ere. Zertxobait hobeto egitea aski zuen buruan jarraitzeko. Monzan eta Singapurren bana-banako lehian galdu du guztia, ordea. Hogei puntuko atzerapena darama; jada, ia gaindiezina. McLaren talde garailea da, etengabe autoa garatzeko baliabideak dituena. Brasilen edo Abu Dhabin susper daiteke, baina lehengo inertzia horri helduz, Hamilton ez da momentuko gidaria.
Vettel eta Button datoz ondoren, Hamiltonengandik oso gertu. Hamiltonek aukeraren bat duela onartzeak esan nahi du Vetteli eta Buttoni ere onartu behar zaiela itxaropenen bat izateko eskubidea. Alemaniarra bigarren izan zen Singapurren, baina oreka falta du oraindik, esperientzia eta erregulartasuna. Handiak egin ditu aurten, baina hanka-sartze batzuk ere parekoak izan dira. Kontrakoa egin du ingelesak, ia beti erregular, arazoetatik urrun, Vettelek Belgikan jo zuenean ez baitzuen errurik. Baina bi gidarion arazoa Hamiltonek duen bera da: garai honetan ia inor ez dela gauza Webberri eta Alonsori hogei puntutik gora ateratzeko.
Txanpa erabakigarria
Asteburu honetan Japoniako Sari Nagusia jokatuko da, Suzukan. Aldez aurretik, Red Bullen erreinua dela esan daiteke, aerodinamika finduak saritzen baititu. Eta halakoetan distiratu dute Webberrek eta Vettelek. Une onean dator haientzat, azken bi lasterketa zailen ondoren. Webberrek eman behar du kolpea han, aurkariei seinalea igorriz. Bestela esanda, goranzko inertzia hartuz. Iaz Vettel nagusitu zen Suzukan, Weberrek izandako arazoei esker.
Bi aste geroago, Koreako Sari Nagusia jokatuko da lehen aldiz, lanak garaiz amaituz gero. Hango estreinako proba litzateke, eta ezinezkoa da zer gertatuko den esatea. Brasil, ordea, Felipe Massaren lur saila da. Ferrariko bigarren gidariak beti eman izan du gehiago han, eta Alonsorentzat mesede bakarrik izan daiteke hori. Iaz Webberrek irabazi zuen Brasilen, nagusitasunez. Parekoa ibili behar lukete Red Bullek eta Ferrarik.
Abu Dhabin amaituko da denboraldia, iaz Vettel-Webber bat-bikoarekin estreinatu zena. Aurreko urteko emaitzei so eginez, Red Bullek irabazi zituen aurten falta diren lasterketa guztiak, Koreakoa salbu. 11 puntu ditu alde Webberrek, eta, hark dioen legez, alde txikia bada ere, hobe alde izatea.
Sailkapena
GIDARIEN TXAPELKETA1. Mark Webber (Red Bull) 202 puntu
2. Fernando Alonso (Ferrari) 191 puntu
3. Lewis Hamilton (McLaren) 182 puntu
4. Sebastian Vettel (Red Bull) 181 puntu
5. Jenson Button (McLaren) 177 puntu