Erasoa, geldialdia, erreakzioa, geldialdia, erasoa... Arraro samarra izan da Italiako Giroko seigarren etapa, Ponte eta Roccaraso artekoa, baina azken 15 kilometroetan gozatu handia hartu du Tim Wellensek (Lotto). Etapa hastearekin batera sortu da ihesaldia, hiru lagunekoa, baina tropela 40 segundora zenean, kontraerasoan joan dira Lottoko bi txirrindulari, Wellens bera eta Pim Ligthart. Boskotea osatu, bidea egin, tropela lasaitu, eta bederatzi minutuko aldea izatera ere iritsi da ihesaldia. Igoera zeukaten azken zatian, eta 15 kilometro falta zirela jo du erasoa Wellensek. Bakar-bakarrik helmugaratu da.
Tropelean, berriz, Jakob Fuglsangek (Astana) sortu du mugimendua, urrutitik erasoa jota. Kanstantsin Siutsourekin (Dimension Data) elkarlanean aritu da Astanakoa, maglia arrosa buruan, baina Vincenzo Nibaliren (Astana) mugimenduak utzi du ezerezean bere ahalegina. Hiru kilometro falta zirela mugitu da italiarra, baina kontraerasoan ihesean joan da Tom Dumoulin (Giant), Domenico Pozzovivo (Ag2r) eta Ilnur Zakarinekin (Katuxa) batera. Giroa irabazteko hiru faborito nagusiak ibili dira larri samar: Nibali, Mikel Landa (Sky) eta Valverde.
Sulmonan hasi eta Folignon amaitu, zazpigarren etapa jokatuko da bihar, 211 kilometrokoa. Ondo bidean, esprinta izango da amaieran.