Wembley dute zain

Txapeldunen Liga irabazteko faboritoen artean Bartzelonari egokitu zaio multzorik samurrena ligaxkan

Julen Etxeberria.
2010eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ez Munduko Kopa, ez Eurokopa. Txapeldunen Liga izango da denboraldi honetako lehiaketa nagusia. Hark bereganatuko du arreta guztia. Tamainako ikusminak tamainako jokalekua merezi du: Wembley. Londresko estadio mitikoak ez du aurrekoaren xarma, baina inork ezin du zalantzan jarri Txapeldunen Ligako lana biribiltzeko toki aproposa ez denik. Heldu den maiatzaren 28an da lehia. Bederatzi hilabete falta dira oraindik, baina Europako klub onenek jada badakite zein bide egin behar duten hara iristeko, atzo zozkatu baitzen ligaxka. Apirilaren 14an hasiko da, eta abenduaren 8an amaituko.

A multzoa

Multzo deserosoatxapeldunarentzat

Inter Milani aurkari zailak egokitu zaizkio: Werder Bremen, Tottenham eta Twente. Hala ere, ustekabekorik ezean, italiarrentzat beharko luke lehen postua, eta alemaniarrek eta ingelesek borrokatu beharko lukete bigarren postua lortzeko.

B multzoa

Hiru talde bi txartelen bila

Olympique Lyonek, Benficak eta Schalke 04-k lehia polita izango dute bi txartelak lortzeko. Ez dirudi Hapoel Tel Avivek haien artean muturra sar dezakeenik. Frantziarrak dira faborito. Hala, portugaldarren eta alemaniarren artean erabakiko da bigarren postua.

C multzoa

Denak dirudi argi

Erraza dirudi asmatzen zein bi talde sailkatu diren, baita zein ordenan egingo duten ere. Ustekaberik ezean, Manchester United izango da lehena, eta Valentzia bigarrena. Rangersek eta Bursasporrek ia ez dute aukerarik.

D multzoa

Pagotxa Bartzelonarentzat

Kexatzeko arrazoi gutxi dute Bartzelonan, multzorik samurrena egokitu baitzaie, Panathinaikos, Kopenhage eta Rubin Kazan izango baitituzte aurkari. Lehen postuak kataluniarrentzat izango dela kontuan hartuta, bigarren txartela norentzat izango den da zalantza bakarra. Eta hor edozer gerta daiteke.

E multzoa

Jabeak argi, ordena ez

Bayern Munichek eta Erromak dena dute alde final-zortzirenetarako sailkatzeko, Basilea eta Cluj talde apalak baitira. Alemaniarrak eta italiarrak zein tokian sailkatuko diren; horixe da argitzeko falta dena.

F multzoa

Bigarren posturako lehia bizia

Chelsea da faborito argia lehena izateko. Bigarren izateko lehia, berriz, Olympique Marseilla eta Spartak Moskuren artekoa izango da. Frantziarrek talde hobea dute, baina ikusteko dago presioari eusten dioten. Zilina Serbiako taldeari dagokionez, estreinaldiarekin gozatzea izango du helburu.

G multzoa

Iazkoa izango dute gogoan

Iragan sasoian bezala, Milan eta Real Madril ariko dira multzo berean. Iragan denboraldian biek egin zuten aurrera -italiarrentzat izan zen lehen postua-, eta sasoi honetan ere hori errepikatuko da ziurrenik. Espainiarrek, hala ere, ordena aldatu nahi dute, iragan sasoikoa ez errepikatzeko. Ajax, bere itzuleran, bi faboritoei eskua sartzen saiatuko da. Auxerrek ere helburu bera izango du.

H multzoa

Faborito bat, eta hiru hautagai

Arsenal da multzoko zerrendaburua, baita lehen postua lortzeko faborito nagusia ere. Xakhtar Donetsk, Sporting Braga eta Partizan lehiatuko dira beste txartela lortzeko asmoz. Ukrainako taldeak eskarmentua du alde. Portugalgoak eta Serbiakoak, berriz, ilusioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.