Gaur izango da Frantziako Tourreko azkenaurreko etapa —19.a—, 53,4 kilometroko erlojupekoa, eta bertan zehaztuko da aurtengo edizioko sailkapen nagusia.
Bradley Wiggins liderrak 2.05 minutu ateratzen dizkio Chris Froome bigarren sailkatuari. Bi taldekideak izan dira Tourreko indartsuenak. Froomek ondoren Vincenzo Nibali dauka, 36 segundora, baina aurrekariak eta itzuli honetan erakutsi duen ibilia lagun ditu postuari eusteko.
Lehen hiru txirrindularien artean Wiggins izan da onena orain arteko erlojupekoetan. Tour honetako aurreko erlojupeko luzean —41,5 kilometro, 9. etapa— 35 segundo atera zizkion Froomeri eta 2.07 Nibaliri. Haren nagusitasunaren argigarri, aurrekari esanguratsuena Dauphine-Libereko erlojupekoa da. Izan ere, orduan gaurko distantzia berean lehiatu ziren, eta Wigginsek 1.33 atera zizkion Froomeri eta 3.30 Nibaliri.
Aldiz, Froomek iazko Espainiako Vueltako erlojupeko batean 23 segundo atera zizkion Wigginsi.
Sailkapen nagusia
1. Bradley Wiggins (Sky) 78:28:02
2. Christopher Froome (Sky) 2.05era
3. Vincenzo Nibali (Liquigas) 2.41era
4. Jurgen Van den Broeck (Lotto) 5.53ra
5. Tejay Van Garderen (Bmc) 8.30era
6. Cadel Evans (Bmc) 9.57ra
7. Haimar Zubeldia (Radioshack) 10.11ra
8. Pierre Rolland (Europcar) 10.17ra
9. Janez Brajkovic (Astana) 11.00ra
10. Thibaut Pinot (Fdj) 11.46ra