tenisa

Williams ahizpak Wimbledonetik kanpo geratu dira

Venus Tsvetana Pironkovak kanporatu du, eta Serena, Marion Bartolik.

2011ko ekainaren 27a
19:47
Entzun

Venus eta Serena Williams ahizpak Wimbledonetik kanpo geratu dira gaur, final-zortzirenetan. Venus —bost aldiz izan da txapeldun Wimbledonen—, Tsvetana Pironkovak kanporatu du; Serena —lau aldiz txapeldun han—, Marion Bartolik. 

Venus Williamsek ordu bete eta 57 minututan galdu du: 6-2 eta 6-3. Serena Williamsek, berriz, ordu eta laurdenean; 6-3 eta 7-6.

2006tik lehen aldia izan da Venus Williams torneotik kanpo final-laurdenak baino lehenago geratu dena. Urte hartan hirugarren txandara iritsi zen. Sei hilabete pasatu ditu jokatu eta entrenatu gabe, belaun eta aldakako lesio baten erruz. Duela aste gutxi itzuli zen txapelketetara.

Serena Williams pozik agertu zen egindako lanarekin. Oraintxe itzuli da torneo handietara, ia denboraldi osoa galdu du oinean izandako lesio eta biriketako enbolia baten ondorioz. "Ez nintzen hona etorri galduko nuela pentsatuz. Hori da nire jarrera. Batzuetan irabazi egiten da, eta besteetan galdu. Baina zinez ondo egin dudala uste dut, zirkuitura itzuli, gogor jokatu eta partida batzuk irabazteko gai izan naizelako. Gaur bertan ere, galdu egin dudan arren, hor egon eta ondo aritzeko gai izan naiz".

Hark esan du pista gogorreko AEBetako Irekia jokatzeko "motibatuta" dagoela. 2010ean ezin izan zuen parte hartu txapelketan, eta adierazi du iruditzen zaiola "urteak" daramatzala jokatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.