Etapa ikusgarria espero zen, eta hala izan da. Michael Woodsentzat (Education First) izan da garaipena. Dena egin du ondo: eguneko ihesaldian sartu da, ondo eutsi du bertan, eta erasoa jo du Oizko azken aldapetan. Dylan Teuns (BMC) sailkatu da bigarren, bost segundora, eta David de la Cruz (Sky) hirugarren, hamar segundora. Jonathan Castroviejo (Sky) izan da lehen euskal txirrindularia: 13. izan da, 1.57ra.
Hain zuzen, Castroviejoren atzetik iritsi dira sailkapen nagusia irabazteko lehian dabiltzan lehen txirrindulariak. Enric Masek (Quick Step) eta Alejandro Valverdek (Movistar) aurrera egin dute azken maldatan, eta zortzi segundo atera dizkiote Simon Yates liderrari (Mitchelton). Bi segundo geroago iritsi da Miguel Angel Lopez (Astana). Ia minutura helmugaratu dira, ordea, Steven Kruijswijk (Lotto-Jumbo) eta Nairo Quintana (Movistar), eta minutu pasatxora Ion Izagirre (Bahrain).
Sailkapen nagusian, Yatesek eutsi egin dio maillot gorriari, baina gertu du Valverde, 25 segundora. Mas da hirugarren, 1.22ra; Lopez, laugarren, 1.36ra; Kruijswijk, bosgarren, 1.48ra; seigarren, Quintana, 2.11ra; eta zazpigarren, Ion Izagirre, 4.09ra.
Lehia ez ezik, aldarrikapena ere izan du etapak. Izan ere, Gure Esku Dagok deituta, milaka lagun egon dira errepide bazterretan ikurrina astinduz. Etapa osoan izan dira presente, baina batez ere Oizko igoeran. Han, jende andana bildu da.