Frantziako Tourra

Wouter Poelsek irabazi du Tourreko 15. etapa

Ikusle batek erorialdi handia eragin du: hogei bat txirrindulari erori dira. Pello Bilbaok postu bat irabazi du, eta zazpigarren jarri da sailkapenean.

Lasteketa Mont-blanc inguruan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko uztailaren 16a
17:22
Entzun

Wouter Poels (Bahrain) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du Tourraren 15. etapa, Mont-Blanceko helmugan. Pello Bilbaok, postu bat irabazi, eta zazpigarren jarri da sailkapenean.

Les Gets les Portes du Soleiltik Saint-Gervais Mont-Blancerako etapa hasi eta berehala ekin diote txirrindulariek erasoa jotzeari. Izan ere, etapa menditsua izanik, aukera ezin hobea zen ihesaldiak antolatzeko.

Mathieu van der Poel izan da lehena saioa egiten, bigarren kilometrotik.

20. kilometro aldera, Nils Polittek metro batzuk ateratzea lortu du. Haren atzetik atera dira Alexei Lutsenko, Julian Alaphilippe y Valentin Paret-Peintre, eta lortu dute taldetxo bat eratzea.

Mikel landak ere jauzi egin du 31 kilometroan, Michal Kwiatkowskirekin batera.

Ikusle batek eragindako erorialdia

Helmugarako 125 kilometro falta zirela, hogei bat txirrindulari lurrera erori dira, ikusle batek eragindako talka batengatik. Sepp Kuss (Jumbo-Visma) txirrindulariaren eskulekua jo du. Antza denez, telefono bat eskuan zuen zaleak, eta, lekukoen arabera, selfie bat egiten saiatzen ari zen. Kussek, orduan, Nathan van Hooydoncken kontra egin du talka, eta Van Hooydoncken erori egin da. Atzetik etorri dira gainerakoak.

Edonola ere, eroritako txirrindulari guztiek jarraitu ahal izan dute lehian.

Jumbo-Visma taldeak txio bat zabaldu du ikusleei eskatzeko «adi» ibil daitezela beti «errepide bazterretik txirrindularitza ikusten dutenean».

Tourrak berak ere eskatu die ikusleei kontuz ibiltzeko txirrindulariei, eta ia kolpea hartu duen baten irudiekin ilustratu dute.

https://twitter.com/LeTour/status/1679427774912638976

Erorikoak moteldu egin du lasterketaren erritmoa. Horrek aukera eman die Alaphilipperi eta Lutsenkori tartea handitzeko.

Lutsenko izan da lehena Forclaz de Montmin gaineko mendiko helmuga gurutzatzen. Neilson Powlessek lau puntu lortu ditu horretan. Horren ondorioz, lau puntu ateratzen dizkio Jonas Vingegaardi mendiko sailkapenean.

Baina 87. kilometroan, jazarleek harrapatu egin dituzte iheslariak, aldapa behera baliatuta. Geroztik 38 txirrindulari talde bat joan da buru, faboritoen taldeari zortzi bat minutuko tartea aterata.

Marc Soler katalanak erasoa jo du 133 kilometroan, eta lehena izan da Aravis gaineko mendiko helmuga gainditzen. Halere, 139. kilometroan Wout van Aertek, Wout Poelsek eta Krists Neilandsek harrapetu egin dute.

Baina Neilands erori egin da 140 kilometroaren inguruan. Tourrak ez ditu irudiak erakutsi, baina badirudi motor batek jo duela txirrindularia. Petrilaren kontra eserita geratu da, kolpeak zorabiatuta.

Poelsek erasoa jo du 170. kilometroan, eta lehena helmugaratu da Cote des Amerandsen. 30-40 segunduren aldea atera die Poelsek jarraitzaileei.

Carlos Rodriguezek ere saioa egin du 175. kilometroan. Azkenean, Poels helmugaratu da bakarrik. Mikel Landa bosgarren sartu da helmugan.

1. Wouter Poels 04:40:45
2. Wout van Aert +02:08
3. Mathieu Burgaudeau +03:00
4. Lawson Craddock +03:10
5. Mikel Landa +03:14

Sailkapen nagusia, berriz, honela geratu da:

1. Jonas Vingegaard 62:34:17
2. Tadej Pogacar +00:10
3. Carlos Rodriguez +05:21
4. Adam Yates +05:40
5. Jai Hindley +06:38
6. Sepp Kuss +09:16
7. Peio Bilbao +10:11
8. Simon Yates +10:48
9. David Gaudu +14:07
10. Guillaume Martin +14:18

Hurrengo saioa asteartean egingo dute Tourrean. Banakako erlojupekoa jokatuko dute Passy eta Combloxen artean, 22 kilometrokoa. Vingegaard eta Pogacar elkarrekin sartu dira gaur helmugan, elkarrekin lehiatu gabe. Erabakigarria suerta daiteke asteartekoa, bietako zein nagusituko den aurreikusteko, beste inork ustekabea sortzen ez badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.