Lara Arruabarrena. Tenislaria

«WTA torneo bat irabazita, bat-batean ez naiz izar bihurtuko»

Ospatu du Bogotako garaipena, gozatu du, baina kito; egunerokoan murgilduta dabil jada Lara Arruabarrena, loreekin erotu gabe.

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Borrokalaria naiz». Bi hitzekin definitu du Lara Arruabarrenak bere burua (Tolosa, Gipuzkoa, 1992). Asteartean beteko ditu 20 urte, eta hilabete atzera jo zuen goia, otsailaren 19an, Bogotako WTA torneoa irabazita. Tolosarrak neurrian goratu nahi du lorpena, baina 15 urterekin Bartzelonara egindako bidaiari zentzua eman dio garaipenak. Denboraldia amaitzerako WTA sailkapeneko lehen ehunen artean sartzeko erronka jarri zion bere buruari, eta 106. postuan dago jada. Atzo bertan joan zen Miamira, beste bi torneo jokatzera.

Barneratu al duzu jada Bogotako balentria?

Irabazi nuenean oso pozik nengoen, baina entrenatzaileak eta biok argi geneukan hankak lurrean eduki beharra geneuzkala, azken finean ez genuelako ezer lortu. WTA torneo bat irabazita, bat-batean ez naiz izar bihurtuko. Lanean jarraitu beharra daukat, aurrerantzean txapelketa garrantzitsuagoak jokatzeko aukera izango dudalako.

Denboraldi hasierako helburuak aldatu egingo zaizkizu orain, lehen ehunen artean sartzeko asmoarekin ekin zeniolako sasoiari, Australian.

Bai... Baina iaz ere denboraldi ona egin nuen, eta puntu asko dauzkat defendatzeko. Iazko emaitzak ere aintzat hartzen direnez, garaipen bakoitzarekin ez dut pilatuko puntu kopuru jakin bat. Huts eginez gero, puntu dezente galduko ditut. Horregatik zehaztu dugu helburu orokor gisa lehen ehunen artean sartzea, baina 70. posturaino igotzerik badut, ez dut etsiko 80. postuarekin.

Roland Garros, Wimbledon... Zer sentitzen da txapelketa horien izenak entzundakoan?

Zer esango dizut, ba! Iaz ere joan nintzen txapelketa horietara, baina atariko partidak jokatu behar izan nituen. Txapelketako koadroan sartzeko adina puntu pilatzea gustatuko litzaidake aurten. Ea lortzeko gai garen.

Roland Garroseko lur harrotua, hori da zure tokia, ezta?

Bai, bai, lurzoru hori gustatzen zait gehien. Belar gainean jokatu dut noizbait, baina askoz gehiago erakartzen nau lur harrotuak, erosoago sentitzen naizelako. Zoratzen nengoke, egunen batean Roland Garros irabazita.

Tolosan jaioa, Donostian hazitakoa, eta Bartzelonan hezitakoa. Tenis munduan norbait izateko, ezinbestekoa al da etxetik ateratzea?

Nire kasuan, bai. Eta horregatik ez nuen izan zalantzarik Espainiako Federazioak deitu, eta Bartzelonara joateko eskaintza egin zidanean. Inguruan gora egiteko baliabiderik badaukazun edo ez aztertu behar da, eta nik ez neukan beste aukerarik.

Erabakia ez zen erraza izango, noski.

15 urte neuzkan orduan, baina inoiz ez naiz deseroso sentitu lekuz eta giroz aldatu behar izan dudanean. Hasieran familiaren eta lagunen beharra sentitzen nuen, noski, baina berehala ohitu nintzen. Goi errendimenduko zentroan bertan bizi naiz, San Cugaten, gainerako kirolariekin.

Nolakoa da 19 urteko tenislari baten egunerokoa?

Esnatu, gosaldu, pistan entrenatu, bazkaldu, berriz ere pistara, saio fisikoa ondoren, tarteka masajeren bat edo beste hartu, afaldu, eta ohera. Ez da 19 urteko gazte baten ohiko bizimodua, baina, horrelako aukera ematen dizutenean, argi eduki beharra daukazu zerekin topo egingo duzun.

Porrotekin gehiago ikasten omen da, baina zuk zer ikasi duzu Bogotako garaipenarekin?

Hor goian egon naitekeela ikusi dut; onenen taldetxotik geroz eta gertuago nagoela.

Zure kirol ibilbidean, zein izan da orain arteko garairik zailena?

Orain bi urte egon nintzen okerren: 2010eko irailean. Animoz baxu nengoen, ez nuelako emaitza onik lortzen eta nire jokoarekin ez nintzelako eroso sentitzen.

Garairik onena, berriz, hauxe dela pentsa liteke...

Iaz ere oso ona izan zen denboraldi hasiera, baina uste dut oraintxe nagoela nire garairik onenean. Teknikoki inoiz baino hobeto nago, eta emaitzak ere hor daude.

1,66 metro luze zara, eta 58 kilo pisatzen duzu. Aurkari gehienak 10-15 zentimetro altuagoak eta 10-15 kilo pisutsuagoak dira. Nola egiten zaie aurre jokalari horiei?

Korrika asko eginda. Egia da orain altu samarrak eta indartsuak direla goian dabiltzan tenislari gehienak. Baina jokalari txikiagoek ere lortu dute gora iristea. Ez nago arduratuta.

«Nire sakea desastre hutsa da». Zure hitzak dira.

Hobetzen ari naiz, ez pentsa! Baina egia da sakearekin daukadala konfiantza gutxien, eta asko hobetu beharra daukadala. Lehen errebesa neukan aldrebes samarra, eta dezente hobetu dut. Orain sakea daukat landu beharra.

Umetan garrantzitsua izaten da idoloak edukitzea. Zuk ere edukiko zenuen baten bat, ezta?

Justin Henin gustatzen zitzaidan asko. Txikia eta borrokalaria zen hura ere, eta uste dut horregatik begiratzen niola hainbeste.

Geroz eta partida garrantzitsuagoak jokatzen ari zara. Zein aurkarirekin geratu zara erabat harrituta?

Goian daudenen artean, joan den urtean Sabine Lisicki alemaniarraren aurka jokatu nuen Roland Garrosen, atariko partidan. 13. postuan dago orain, eta lesio batetik osatu berritan zegoen orduan. Nabari zitzaion koska bat gorago zegoela. Svetlana Kuztnesova errusiarraren aurka ere jokatu nuen iaz, eta partida horietan ikusi nuen zer falta zaidan euren parera iristeko.

Eta zer da, bada, falta zaizun hori?

Gogor lan egitea. Sakean alde handia dago, nahiz eta gero kolpe aldetik ez dagoen hainbesteko desberdintasunik. Baina lana falta zait, esperientzia, heldutasuna... Pixkanaka iritsiko da hori.

Zein da kirol honen alderik gogorrena?

Egunerokoa. Entrenamenduak oso gogorrak dira. Lehiaketa garaian samurragoa da dena, hori gustatzen zaidalako. Baina eguneroko jarduna... 09:00etan entrenatzen hasi, arratsaldean berriz pistan sartu, entrenamendu fisikoa gero... Buruarentzat da bereziki gogorra, egun guztiak berdinak direlako ia-ia. Horregatik, garrantzitsua da burua ere ondo landuta edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.