1910eko azaroan xake munduak berri ona jaso zuen: hurrengo urtean nazioarteko torneo handia ospatuko zen. Donostiako Kasino Handiko zuzendaritzak munduko jokalari onenak torneo batean biltzea zuen asmoa. Puntako maisuek jokatuko zuten bakarrik eta sari handiak banatuko ziren sailkapeneko onenentzat. Partida onenek ere dirusaria jasoko zuten. Bidaia gastuak ere antolakuntzak ordainduko zituen. Lehen xake supertorneoa jaio zen.
Kasinoko zuzendaritzak izandako ideia hark arrakasta izan du azken 100 urteetan. Xakearen aurrera pauso handienak Supertorneoetan eta Hautagaien Aurkaketetan eman dira. Bi torneo mota hauek izan dira jarraituenak eta ekonomikoki bideragarrienak. Jokalariak prest egoten dira euren onena emateko, zaleak torneoa jarraitzeko eta, horren ondorioz, babesleak prest behar den dirua ipintzeko. Donostian zirkulu hau itxi zen lehen aldiz.
Torneo hartan Jose Raul Capablanca handiak ospea lortu zuen bere garaipen zirraragarriarekin. Hark Donostiari izena eman zion betirako xake munduan. Antolakuntzak ere jokalari amateurrentzako torneo bat prestatu zuen eta etorkizunerako honek jarraitzeko bidea markatu zuen. Maisu asko Capablancaren parte hartzearen kontra zeuden. Egiari zor, kubatarra zen jokatzeko eskatutako gutxieneko baldintzak betetzen ez zuen bakarra. Dena den, lehen mailako jokalaria zela argi zegoen eta Marshall estatubatuarrak kubatarraren parte hartzea arrakastaz defendatu zuen.
Haren parte hartzearen kontra agertu zirenen aurka mendekua hartu zuen Capablancak. Lehen txandan bereziki, Bernstein birrindu zuenean. Gainera, partida horrengatik kubatarrak 500 frankoko sari berezia jaso zuen. Xake munduaren lilurarako, kubatar gazte hark puntuak pilatuz joan zen maisu handien aurka. Torneo osoan partida bakarra galdu zuen, Rubinsteinen kontra. Torneoa ondo irabazi zuen eta izar berria jaio zen. Denborarekin munduko txapelduna izango zen eta historiako xake jenioen artean kokatuko zen: Kasparov, Karpov, Fischer, Alekhine, Lasker eta Morphykin batera. Capablancak, xakeak eta Donostiak lotura berezia izan dute momentu hartatik.
Mendeurrenaren bidea
Euskal xake munduan asko hitz egin da mendeurrenari buruz azken bi urteetan. Iritzi guztiak bat zetozen, zerbait egin behar zen. Hala ere, krisialdi ekonomikoaren ondorioek ez zuten aukera asko ematen. Babesleak aurkitzea 1910ean baino askoz zailagoa zirudien eta Euskal Xake Federazioak amore eman zuen lehen saiakeran. Mendeurrenak merezi zuen moduko torneo bat antolatzea zaila zen.
Ideia erdi alboratuta zegoenean Felix Izeta agertu zen. Maisu Handi zestoarra historiako euskal xakelaririk onenetariko bat izan da. Erretiroa hartuta dago, baina bere garaian mundu osoan jokatu zituen nazioarteko torneoak eta onenen artean egotera heldu zen. 1990ko hamarkadan bere arrakasta garrantzitsuenak lortu zituen, baina 2003an, eta askorentzat goizegi, xakea utzi zuen. Nahiz eta ez jokatu, Izetak xakea gertutik jarraitu du eta, mendeurren honetarako ezer ez zela egin behar ikusita, berak hartu zuen egitasmoaren gidaritza.
Izeta izan da mendeurrenaren ospakizunaren aita, eta Leontxo Garciak ere zerbait egin zezan bultzatu zuen. Gros Xake Taldeak, beti bezala, bere laguntza eskaini zuen dena aurrera eramateko, batez ere Eliseo eta Iñigo Argandoñaren eskutik. Euskal Federazioak, halaber, bere laguntza eskaini du gai konkretu batzuetan eta euskal jokalari batzuek, ahal izan duten neurrian, ere lagundu dute. Babesle pribatu batzuek ere fedea izan dute egitasmoan eta jende multzo baten lanaren emaitza bistan dago: mendeurrena ospatuko da eta, goi mailako jokalarien parte hartzearekin batera. Parte hartze herrikoia handia izango da ere.
Torneo eta arau bereziak
Ekintza asko izango dira mendeurrenaren barruan. Baina deigarriena torneo nagusia izango da. Munduko onenen artean dauden jokalari profesionalek aurrez aurre izango dute bere mailako aurkariak bi partida jokatuta aldi berean, bat zuriekin eta bestea beltzekin. Torneo nagusi honetan kanporaketa sistema erabiliko da eta galtzaileek nazioarteko torneoan jarraitzeko aukera izango dute. Lehia gaur hasiko da eta finala urtarrilaren 5ean jokatuko da. Partidak Gros Xake taldearen egoitzan jokatuko dira, Anoeta pasealekuan.
2700ELO puntutik gora dituzten hamar jokalarik parte hartuko dute torneoan, eta horiek guztiak munduko lehen 50 sailkatuen artean daude. Hauen artean Ruslan Ponomariov munduko txapeldun ohi ukraniarra, eta Vugar Gaximov azerbadjandarra, munduko 11.a egun, nabarmentzen dira. Guztira 58 izango dira 2300 ELO puntu baino gehiago dituzten parte hartzaileak.
@Partidak zuzenean jarraitu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.donostiachess.com /eu/zuzenean/partidak/
Xakerik onena, berriro Donostian
1911n, munduko xake jokalaririk onenak bildu zituen torneo bat jokatu zen Donostian. Lehia haren mendeurrena ospatzeko, eta Felix Izetaren ekimenez, Gros Xake Taldeak torneo handi bat antolatu du, gaur hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu