Joan den asteartean Zarauzkoa amaitu ondoren, gaur ekingo zaio udako laugarren torneoari: Donostia Hiriari, hain zuzen ere. Xalak eta Laskurainek Olaizola II.aren eta Beginoren kontra jokatuko dute lehenengo finalerdia, Atano III.a pilotalekuan. (22:15, ETB1). Xalak eta Olaizola II.ak, banakako finala jokatu zutenetik, gaur ikusiko dute elkar lehenengo aldiz. Final ikusgarria eskaini zuten, eta, horregatik, ikusmin handia piztu du gaurko norgehiagokak. Ez dago faborito argirik, baina dirua Asegarcekoen alde irtengo da. Egungo binakako txapeldunak dira, eta bikote sendoa osatzen dute. Aspekoak, baina, nahiko sasoi onean daude.
Laskurain da lau pilotarien artean oraingoz torneo bat irabaztea lortu duen bakarra. Irujo lagun, eroso gailendu zen Zarauzko Torneoan. Konfiantzaz beterik dago Soraluzekoa, eta ez du alferrik galdu nahiko enpresak emaniko aukera. Xalarekin bikote indartsua osatzen du, baina Lekuinekoa ez dago unerik onenean azkenaldian. Gasteizen min hartu zuen eskuan, eta berrindartze lanean aritu da ordutik. Ez du zorterik izan, baina itxuraz errekuperatu da erabat, eta ez dauka inongo aitzakiarik.
Uda osoan maila onean ari dena Olaizola II.a da. Gasteizen lehenik eta Zarautzen ondoren finala jokatu du, baina titulurik lortu ez. Beginorekin, hori bai, oso bikote ona osatzen du, binakako txapelketan erakutsi zuten moduan. Auzakoa joko bolada onean dago. Bigarren finalerdia bihar jokatuko dute Irujo-Zubietak eta Bengoetxea VI.a-Beroizek.
Xala eta Olaizola II.a aurrez aurre gaur, Donostia Hirian
Uztailaren 3an buruz buruko finala jokatu zutenetik estreinakoz ariko dira elkarren aurka, lehen finalerdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu