Binakako txapelketako finalerdietarako bidea Angeluko (Lapurdi) Elhogar pilotalekuko zoru bizitik pasatuko da (20:00, ETB1). Titin III.a-Merino II.a hirugarren sailkatuek eta Xala-Laskurain laugarrenek elkarren aurka jokatuko dute. Galtzaileek ziurrenik finalerdietarako sailkapena ematen duten postuetatik kanpo bukatuko dute jardunaldia. Asteburuko beste hiru partidetan sailkatzeko lehian dagoen bikote bat deus ere jokoan ez duen beste baten aurka ariko da.
Seina garaipen pilatu dituzten bi bikoteren arteko lehia da gaurkoa. Xalak eta Laskurainek gora egin dute ligaxkako bigarren itzulian, baina azken partidan, Zornotzan, itxura kaskarra eman zuten. Xala ez da bere onenean egon azken partidetan, gastroenteritis batek kalte handia egin ziolako. Pilota aukeraketan esan zuenez, baina, orain ondo dago, eta indarrituta.
Titin eta Merino II.ari dagokienez, azken bi partidetan itxura ona eman dute, eta dagoeneko ahaztu dute Lasa-Peñagarikanoren aurkako porrota. Lehen itzuliko partida Logroñon jokatu zuten, eta Xala-Laskurainek 22-16 irabazi. Bikotearen lehen garaipena izan zen, eta egun hartan aldatu zuten norabidea. Gaur kontuan hartu beharreko beste aldagai bat kantxa bizia izango da. Xalak bakarrik jokatu du han aurretik.
Xala-Laskurainek eta Titin-Merinok lehen lauren artean jarraitzea dute gaur jokoan
Angelun ariko dira, eta sailkatzeko aukera duten bi bikoteren arteko asteburuko partida bakarra da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu