Azkenean Xala ez da ariko Zarauzko torneoan. Andre Mari Zuriko partidan eskuan egin zuen ebakiak buruz buruko txapelduna frontoietatik kanpo edukiko du astebetez. Azken orduko hutsune horri aurre egiteko, Aspek Sebastian Gonzalezi deitu dio Aitor Zubietarekin aritzeko gaur. Aurkariak, Aimar Olaizola eta Jon Ander Albisu izango dira (17:00, ETB1). Bihar jokatuko da bigarren finalerdia.
Xalak joan den igandean jokaturiko Andre Mari Zuriko partidaren atarian hartu zuen min. Hasieratik zuen lesioak itxura txarra. Partida jokatu zuen, baina ez zen bere mailan aritu, eta hainbat alditan joan behar izan zuen aldageletara medikuak eskua ikus ziezaion. Ebakia takoak jartzen ari zela egin zuen, guraizeak bigarren hatzaren oinarrian sartuta.
Astelehenean, Zarauzko torneoaren aurkezpenean, benda batekin agertu zen, eta eskua hobeto zeukala esan zuen. Atzo pilotalekuan proba bat egin zuen, eta medikuarenera joan zen gero, gaur jokatzerik izango zuen ala ez jakiteko. Medikuak, ordea, aste bateko atsedena aholkatu dio.
Xalaren hutsaren berri jakin bezain laster, haren ordez Sebastian Gonzalez ariko delaeman zuen jakinarazi zuen Aspek. Zarauzko udako lehen torneoa da Azkainekoarentzat. Gonzalez ez da maila onean jokatzen ari, eta Aspek ez dio aukera handirik eman.
Bestalde, bihar goizean Donostiako Torneoa aurkeztuko dute bihar, eta zalantzan dago Xalak parte hartu ahal izango duen ala ez. Enpresek torneo motza antolatu dute, eta asko jota lau jaialdi izango ditu. Ohi baino astebete lehenago jokatuko da.
Xala, Zarauztik kanpo
Eskuan egin duen ebaki batek Zarauzko torneotik kanpo utzi du txapelduna, eta haren ordez Gonzalez ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu