Finalera pasatzeko inolako aukerarik ez zuenean eman zuen txapelketa osoko itxurarik onena Xalak, atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 16-9 galtzen joan ondoren, 13-1eko partziala egin eta nagusitasunez irabazi zion Irujori (22-17). Iberokoak joan den astean lortu zuen finalean sartzea, baina atzo irabazteak mesede egingo zion konpromiso garrantzitsu horri aurre egiteko. Ongi jokatu zuen, baina azken txanpan bere onetik atera zen. Salaberria epailearekin sesioa izan zuen, eta hortik aurrera ez zuen bere maila eman.
Xalak ederki baliatu zuen hori.Luze atera zuen sakea, eta ondorengo pilotakadan bikain baliatu eskuin bolea zein ezker airea. Haren helburua ohorezko puntua lortzea zen, eta hurrengo urteei begira kaiolan onenekin aritzeko moduko pilotaria dela erakutsi nahi zuen. Lortu zuen, ongi lortu ere.
Lemuno edo Ongai
Mendizabal III.a 2. Mailako lau t'erdiko finalera pasa zen herenegun, Albisuri 22-13 irabazita, eta aurkaria nor izango duen gaur erabakiko da, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan: Lemuno edo Ongai. Iparraldekoak nahikoa du hamasei tanto egitea, baina eskuek asko baldintza diezaiokete jokoa. Ongai erasokor jokatzen ahaleginduko da.
Xalak 22-17 hartu du mendean Irujo; 13-1eko partzialari esker, ohorezko puntua lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu