Panpi Ladutxek egun gazi-gozoa izan zuen atzo. Berak entrenatzen dituen bi pilotari onenek albiste on eta txarrak eman zizkioten. Xalak aise kanporatu zuen Del Rey Tolosan, eta lau t'erdiko final-laurdenetarako sailkatu zen. Gonzalezek, berriz, ezker eskuko hatz nagia hautsia zuela jakinarazi zion, eta kolokan dago larunbatean Iruñean jokatu beharreko partidarako. Aspeko medikuak atzo aztertu zuen hatza, eta erabakitzeko dago partida bertan behera geldituko den ala ez.
Beotibarren gehiago hitz egin zen Gonzalezen hatzari buruz txapelketako partidari buruz baino. Ladutxek berak eman zien Aspeko teknikariei albistearen berri. Gonzalezek larunbateko partidan hautsi zuen ezker eskuko hatz nagia, laugarren tantoan, eta minari eutsi zion bukaerara arte. Azkainekoa izaera gogorrekoa da eta ez da arazo fisikoekin jokatu duen aurreneko aldia. Atzo, Azkainen, medikuarengana joan zen, eta, lehen diagnosiaren arabera, hiru astean ezingo du jokatu. Arratsaldean Txema Urrutia Aspeko medikuak aztertu zuen, eta enpresa jakinaren gainean jarri zuen. Gonzalezek goizean ateratako erradiografiak erakutsi zizkion. Pilotariak jokatu nahi du, eta aste osoa du azken erabakia hartzeko. Urrutia medikua, baina, oso ezkorra da, eta zail ikusten du pilotariak jokatu ahal izatea.
Ladutxe mintzatu zen pilotariaren partez. Entrenatzaileak hatza belztua duela azaldu zuen. Hatz koskoen gainetik du hautsia, hatz puntatik gertu. Gonzalezek, baina, jokatzeko asmoa adierazi zion. Atzo goizean lan saio txikia egin zuten Azkainen, eta kostata jo zezakeen pilota. Ladutxek esan zuenez, pilotariak izango du azken hitza. «Nik ez nuke jokatuko, baina Gonzalez pilotari gogorra da, basapiztia. Handiagoak egiten ikusi dut, minari eusten daki, eta ez dakit zer gertatuko den». Pilotariaren asmoa atzerapena eskatzea zen, baina final-laurdenetan ez dago eskatzerik. Gonzalezek bihar egingo du pilota hautaketa, baita proba gogorra ere, eta baliteke orduan hartzea azken erabakia.
XALA, EROSO. Xalak arazo handirik gabe irabazi zion atzo Alberto Del Reyri (22-5). Final-zortzirenetako azken partida zen, eta ez zuen kolorerik izan. Lekuinekoak partida bikaina jokatu zuen. Luze sakatuz agintea hartu zuen piloteoan eta tankera guztietako tantoak egin zituen: boleak, dejadak, hormabikoak... Del Reyk sei huts baino ez zituen egin, gehienak azken txanpan, partidak konponbiderik ez zuenean. Lekuineko aurrelariak azken tantora arte eman zuen ikuskizuna. Azken tantoa saketik egin zuen, zabalera sakatuta.
Final-laurdenetako azken hiru partidak Iruñean, Balmasedan eta Eibarren jokatuko dira. Halere, Gonzalezek azkenean jokatzen ez badu, partida banaketa guztia alda daiteke. Gonzalez eta Irujo Aspeko pilotariak izan arren, euren jaialdia Asegarcek antolatu behar du, eta telebistaz emango dute zuzenean. Gaur edo bihar argituko da aldaketarik egongo den ala ez.
Del Rey 5
Xala 22
Pilotakadak: Jok
Saketik: Del Reyk, bat ere ez; Xalak, sei.
Markagailua: 1-0, 1-16, 2-16, 2-17, 3-17, 3-19, 4-19, 4-20, 5-20 eta 5-22.
Bestelakoak: Ikusle gutxi Tolosako Beotibarren. Apustuak Xalaren alde irten ziren, 100-30i. Oso apustu gutxi egin zituzten.
Lekuinekoa aise sailkatu da final-laurdenetarako; Azkainekoak, berriz, hatza hautsi du eta kolokan dago
Xalak bai, Gonzalezek segur aski ez
Lekuinekoa aise sailkatu da final-laurdenetarako; Azkainekoak, berriz, hatza hautsi du eta kolokan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu