Xalak eta Laskurainek binakako txapelketako bigarren garaipena eskuratu zuten atzo, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Saralegi eta Beginori 22-6 irabazita. Aise, uste baino aiseago nagusitu ziren Aspekoak. Laskurain jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan, bizkarra etengabe erakutsi zion aurkariari, eta Xalak ederki baliatu zituen aukerak tantoa amaitzeko. Bera izan zen partidako onena, denetariko tantoak egin baitzituen. Asegarceko bikotea ezinean aritu zen une oro, eta partidarik irabazi gabe jarraituko du, sailkapenaren azken postuan.
Xalari eta Laskuraini kosta egin zitzaien txapelketako lehen garaipena lortzen, baina badirudi esnatu direla. Ondo esnatu ere. Atzo merezita irabazi zuten, bikain jokatu baitzuten. Soraluzekoak agindu egin zuen, eta Lekuinekoak ez zuen barkatu. Inspiratuta aritu zen. Bide beretik jarraitzen badute, faboritoen zerrendan sartzeko moduko bikotea osatzen dute.
Gaur, Logroñon
Titin III.a-Merino II.a eta Bengoetxea VI.a-Apraiz nor baino nor gehiago arituko dira gaur Logroñoko Adarragan. Bi bikoteak garaipen premian daude. Partida orekatua eta gogorra espero da.
Xalak eta Laskurainek aise irabazi diete Saralegiri eta Beginori (22-6)
Aspeko bikoteak erraz agindu du atzeko zein aurreko koadroetan, eta txapelketako bigarren puntua eskuratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu