Binakako Txapelketa. Jokin Etxaniz. Aspeko kirol zuzendaria

«Xalaren etorkizuna bere ahal fisikoaren araberakoa da»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Aspek bikote bakarra sartu du finalerdietan eta kritiko mintzo da Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 197). Dena den, zorte txarrak ere eragina izan duela uste du. «Lesioek eta eskuetako arazoek asko eragin digute».

Ezusteko finalerdiak al dira?

Aurkezpen egunean beste bikote batzuk zeuden guztion ahotan. Irujo eta Olaizola II.a ez izatea ezustekoa da, baina ikusi da jokatu egin behar dela, eta ondo ez bazaude kanpoan geldi zaitezkeela. Asperen aldetik zorte txarra izan dugu lesio eta eskuekin.

Aztertu finalerdietako bikoteak: Ezkurdia-Zabaleta?

Lehen itzuliko antzeko itxura eman zuten igandean, eta konfiantza hartu dute. Lehen zazpiak irabazi ondoren... ikusten duzu sartuta zaudela, eta gehiago pentsatzen duzu ligaxkan. Ez dut esan nahi erlaxatu zirenik, baina nahigabeko zerbait da, kontrarioak ere jokatzen du... eta emaitzak ez ziren erabat txarrak izan.

Iaz baino bikote joko hobea egiten ari dira.

Ados nago. Iazkoak mesede egin zien. Hori esperientzia eta elkar ezagutza hobearen eragina da. Batak bestearen dohainak ezagutzen ditu, eta hala sortzen da konfiantza. Harreman oso ona dute.

Berasaluze II.a-Zubieta.

Pozten naiz Zubietarengatik, ikusi da atzelari onenen artean dagoela. Partida bete-beteak egin ditu, eta hor dago. Bikote moduan oso arriskutsuak dira oraindik.

Bengoetxea VI.a-Untoria.

Sailkatzeko, asko sufritu eta borrokatu dira, eta horrek konfiantza eman die. Behetik gora datozen bikoteak beti dira arriskutsuak. Une onean daude.

Artola-Albisu.

Bikote sendoa egiten dute, ondo daude. Jendeak dio Albisuk iragan igandean huts asko egin zituela, baina, zeinen aurka? Ezkurdia eta Zabaleta ondo badaude, ez da erraza haiei eustea! Gehiago behartzen duzu, eta normala da. Ni ez nago ados jendeak Albisuri egin zion kritikarekin; ez zuen lan erraza. Ezkurdia eta Zabaletaren pilotakadak ziztu bizian datoz, eta hori izan da bizi guztian lehen mailaren aldea. Hala ere 18-16an, gauzak estu egon ziren. Eta Artolarena, lehen urtean asko erakutsi du: izaera, indarra...

Belaunaldi aldaketa iritsi al da?

Irujo ez egotea guretzat txarra izan da, baina jende berria dago. Gazte hauek gelditzeko etorri dira. Artolak egin duena... Gorabeherak izango ditu, bai, baina finkatu da. Untoria, ikusi behar... Ez da erraza. Zabaleta eta besteak hor goian finkatuta daude.

Aspeko beteranoentzat ez da txapelketa gozoa izan: Barriola, Irujo, Xala... Arduratzen zaitu?

Pilotari bat ondo ez dabilenean beti arduratzen zaitu. Aztertu egin behar da: zer gertatu den, bakoitzak zer eman dezakeen... Hori ere garrantzitsua da. Nik Barriolari ezin diot eskatu 24 urterekin egiten zuena: ezker eskuinarekin beti seira jo, dena kubritu, inork ez dezala dominatu... Oraindik gauza onak dauzka, eta ikusi beharko nola heltzen den udara edota hurrengo urtera.

Eta Irujo eta Xala.

Irujorena eskuetako arazoa izan da, eta saihetsetako lesio hori. Unean uneko zerbait. Haren maila ez da jaitsi. Xalak, aldiz, arazo fisikoak ditu, eta sufritzen du, eta sasoiko egoten saiatzen da. Fisikoak laguntzen badio, artista da, baina kirolean ahal fisikoak ez badu laguntzen... Haren etorkizuna horren araberakoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.